euskal diaspora eta kultura
2011/07/14
PUBLIZITATEA
Trois Pistoles, Quebec. Ehun lagundik gora bildu zituen Parc de l'Aventure Basque en Amérique (PABA) parkeak iragan uztailaren 8tik 10era egindako 'Rendez-vous Basque' jaialdira. Asteburuko egun nagusia igandea izan zen eta eguneko izarra Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldea izan zen, jaialdirako espres etorria Euskal Herritik.
Quebecera taldeko 33 dantzari eta musikari etorri ziren. Ikuskizuna Trois Pistoles-ko elizan egin zen mezarekin abiatu, bertan kontzertua eman eta aurreskua dantzatu baitzuten. Elizkizunaren ondotik, kalejira egin zuten Trois Pistoleseko kaleetan barrena parkeraino eta ehun lagun baino gehiagok jarraitu zituzten emanaldiraino, jai giro ederrean.
[Begiraleak taldeko dantzarien emanaldia adi adi jarraitu zuten ikusleek (argazkia PABA)]
Hor lapurtarrek bi orduko emanaldia eskaini zuten. "Ikusleak ezusteko ederra izan zuten euskal talde hau berriz ere ikusteko aukera honekin. Izan ere, Begiraleakek PABAren egiten duen bigarren bisitaldia da hau. Taldeak parkeko frontoiaren kantxa ederki girotu zuen dantza eta txistu, danbor eta gitarra soinuekin", azaldu du parkeko zuzendariak.
[Begiraleak taldeko musikariak, jo eta su (argazkia PABA)]
[Dantzarien jantziek ikusleen arreta lortu zuten (argazkia PABA)]
Emanaldiaren ostean 80 bat lagunek Gerard chef-ak euskal errezeta bati jarraiki prestatu zuen arkume eta txerri errekia dastatu ahal izan zuten. Rendez-vous Basque jaialdia antolatzen lankide izan dira Iparraldeko Euskal Kultur Erakundea, Trois Pistoleseko Udala eta Quebeceko Kultur Ministerioa, Parc de l’Aventure Basque en Amérique (PABA) parkearekin batera. Hurrengo hitzordua datorren astean hasiz uztailaren 24tik 31ra parkean bertan egingo den Nazioarteko Pilota Txapelketa izango da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus