euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Beatriz, Bea eta Eli, hiru argentinar euskara maila hobetzen Lazkaon, Euskal Herria ezagutu eta ametsak betetzen

2021/10/26

Hiru argentinarrek Josette, Eliren Uztaritzeko mintza-laguna bisitatu eta aurrez aurre ezagutazeko aukera izan dute
Hiru argentinarrek Josette, Eliren Uztaritzeko mintza-laguna bisitatu eta aurrez aurre ezagutazeko aukera izan dute

PUBLIZITATEA

M. I. / Lazkao, Gipuzkoa. Beatriz Poumé (Tandil), Beatriz Etchegaray (Viedma) eta Elisabeth Etchegaray (Azul) irakasleek luze igurikatu duten bidaia da honakoa. Etxepare Euskal Institutuak, Diasporako euskara irakasleei formakuntza emateko “Euskara Munduan” programako antolatzaile izanik, bi hilabeteko beka emana zien Lazkaoko Maizpide barnetegian ikasketak burutzeko, Diasporako irakasle talde zabalago bateko parte. Tamalez, COVID-19ko arrisku-talde batean suertatu eta konfinatzeko agindua jaso zuten, euren irakasle lagunak Lazkaora abiatzen ziren bitartean, urtarril-otsailean. Orain, hirukoteak planak berreskuratu ahal izan ditu eta urri hasieran iritsi dira Lazkaora, eskaintzen zaien "aukera baliatzeko irrika biziz".

Hiruak euskara irakasle ari dira, bakoitza bere euskal etxean eta bat datoz Maizpideko egonaldi honi garrantzia ematerakoan euren ibilbidean, batetik Argentinan ikasitako gaiak birlandu eta hobeki menperatzeko, baina baita ere bueltan direnean eskolak egokiago eman ahal izateko, horretarako baliabide eta estrategia urrats berriak ematen ari baitzaizkie.

Arbaso euskalduneko argentinarrak dira hirurak. Beatriz Etchegarayk bere aitona-amona euskaldunak aipatzen ditu, "ikasi nituen lehenengo euskal hitzak haiekin ikasi nituen. 2006an Viedma-Patagoneseko Euskal Etxean ekin nion ikasteari, eta 2009an 'Euskara Munduan' programan sartu nintzen”, kontatzen digu.

Testuinguru euskaldunean hobetzen euskara

“Oso gustura nago Maizpiden" baitesten du bere aldetik Beatriz Poumék, azpimarratuz gogokoa dituela oso "ikasteko giroa eta ikaskideen artean eta irakasleekin dauden harremanak”. Berak gainera duela gutxi jakin du arbasoak Lazkao bertako San Migel Elizan ezkondu zirela eta arras zoriontsu sentitzen da herriko kaleetan.

Barnetegiko klaseez gain, Lazkaok, Goierriren bihotzean, aukera paregabea eskaintzen die euskaraz bizitzeko, “Diasporakoak gatozenontzat aukera ordainezina", gailentzen du Elisabeth Etchegarayk. "Maizpidek euskara uneoro erabiltzeko tresnak ematen dizkigu”, estimatzen du; izan ere, bere eguneroko bizitzan, eztauka euskal testuingururik, baina aitortzen du teknologia berrien ekarpena, aurrez aurre bezala ez bada ere, "gaur egun edozein momentutan konektatu eta praktikatu baitaiteke", "aski da ordenagailua eta konexioa, ez dago aitzakiarik mintza-praktika ez egiteko”. Uste honekin, duela sei urte Mintzanet plataforman izena eman zuen, eta geroztik bertan jarraitzen du partaide.

Uztaritzeko mintza-laguna aurrez aurre ezagutzen

Asteburu batean, Eli-k Uztaritzeko (Lapurdi) bere mintza-laguna, Josette, bisitatu zuen eta, azkenean, pantailaren bidez hainbat urtez komunikatu ondoren, aurrez aurre elkar ezagutu ahal izan zuten. 

Josettek, gainera, bere aitonaren herria ezagutzera eraman zuen, Nafarroa Beherean, eta aspaldiko ametsa bete ahal izan zuen Elisabethek.

HABEren azterketa Argentinan gaindituko

Asteburuetan klaserik ez dutenez, hiru argentinarrek Euskal Herriko bazterrak bisitatzeko aprobetxatzen dute, jendearekin euskaraz komunikatuz eta euskal kultura eta hizkuntzarekiko loturak are gehiago sendotuz.

Bai hiruek, bai urtarril-otsailean Maizpiden egon ziren 'Euskara Munduan'eko euren ikaskideek, datorren urteko uztailean Argentinan egingo diren HABEren azterketa ofizialetan egiaztatu ahal izango dute beren euskara-maila.



Komentarioak

  • Aupa neskak!

    Ederki, neskak!

    Mirari E (Donostia-San Sebastián), 2021/10/27 18:35

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia