euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baztandarren poz eta jai giroak Mexiko DFko Euskal Etxea bereganatuko du 'Baztango Eguna'ren edizio berri batean

2008/04/15

Jantzi tradizionalak eta giro bikaina iazko Baztango Egunean (argazkia VascosMexico.com)
Jantzi tradizionalak eta giro bikaina iazko Baztango Egunean (argazkia VascosMexico.com)

PUBLIZITATEA

Mexikora Baztango bailaratik heldu ziren emigranteen ondorengoak Euskal Etxeko talde zalapartatsu eta alaienetakoa dira eta aurten ere Baztango Eguna ospatzeko jai giro ederrean bilduko dira. Hitzordua maiatzaren 1ean izango da, DFko Euskal Etxean, eta Euskal Herriko eta Mexikoko musikariak arituko dira bertan: Patxi Larralde txistulari baztandarra, Luis Antonio Barberena soinujole euskal-mexikarra eta iaz ere jaian izan zen Xarnege talde euskal-gaskoina.
Mexikoko Euskal Etxeko baztandarrek dena prest dute jada maiatzaren lehenean Baztango Egunaren edizio berri bat ospatzeko. Jai hau euskal etxean egiten direnen artean jende gehien biltzen duenetako bat da eta giro aparta izaten du, baztandarren ondorengoen jantzi tradizional, jaki goxo eta dibertitzeko gogoak lagunduta. Antolatzaileek aurtengoan ere gutxienez aurreko urteetako jendetza biltzea espero dute.

Eguna noiz helduko zain, momentuz egitaraua aurkeztu du jada Maricarmen Arrechea antolakuntza batzordeko kideak. Jaia eguerdian hasiko da, aita Alfonso Andueza apaizak emango duen mezarekin. Anduezak emandako mezaren ondotik, partehartzaileak euskal etxeko frontoian prestaturiko mahaietara bilduko dira, jaki baztandar tipikoez osaturiko bazkariaz gozatzeko.

Xarnege taldea, bigarren aldiz

Bazkariaren ostean musika eta kantuen tartea heldu da, aurten antolatzaileek programa mardula prestatu dute eta. Bertan izango dira Patxi Larralde txistulari baztandarra, Euskal Herritik propio etorria, eta Luis Antonio Barberena soinujole euskal-mexikarra, euskal etxeko hamaika jai girotu dituena. Eurekin batera Xarnege talde euskal-gaskoina ere arituko da, iaz Baztango Egunean bertan eman zuten kontzertuan ederki gozatu zutelarik, aurtengoan ere esperientzia errepikatzeko prest.

[Goiko irudian Xarnege taldeak iaz eman zuen kontzertuko une bat (argazkia VascosMexico.com)]

Iaz gertatu zen bezalaxe, aurten ere Xarnege taldeak 'Festival de Culturas en Resistencia Ollin Kan' jaialdian parte hartzeko gonbitea jaso du. Jaialdia Mexiko DFn egiten da, maiatzaren hasieran eta kointzidentzia horretaz baliatuz musikariak zalantzarik gabe azaldu zuten aurten ere Baztango Egunean jotzeko gogoa. Iazko kontzertuak arrakasta izan zuen eta musikarientzat esperientzia oso berezia izan zen Mexikoko bihotzean jantzi, jaki eta jai giro baztandar hau topatzea.


Lotura interesgarriak

Mexiko DFko Euskal Etxea, Mexiko
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico foro eta bilgune birtuala
www.vascosmexico.com

Baztandar giroa jaun eta jabe Mexikoko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 4ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia