euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igandean Elizondon egin zen Baztandarren Biltzarrean etorkinek euren karroza izan zuten lehen aldiz

2009/07/21

Elizondoko Belatzak taldearen zezen plazak lehen saria eskuratu zuen (argazkia Ondikol-Diario de Noticias)
Elizondoko Belatzak taldearen zezen plazak lehen saria eskuratu zuen (argazkia Ondikol-Diario de Noticias)

PUBLIZITATEA

Baztanen urtero egiten da uztaila erdialdean Baztandarren Biltzarra deituriko jaia. Egun honetan bailarako herri guztiak desfile batean biltzen dira bizilagunek egindako karrozekin. Hauetan kritika izaten da gai nagusia baina baita eguneroko bizitzaren pasarteak edota bestelakoak. Aurten desfilean buru izan ziren galiziar, aragoiar eta katalan bat, hauen eskuetan, ikurriña, Nafarroako bandera eta Baztangoa eraman zituztelarik. Lehen aldiz Baztanen bizi diren ekuadortarrek euren karroza atera zuten Elizondoko kaleetara. Honetan, beren herrialdetik Baztanera iritsi arteko bidaia islatu nahi izan zutelarik. Guztira 22 karroza izan ziren. Virginia Aleman alkate baztandarrak, bereziki azpimarratu zuen etorkinen parte hartzea, izan ere, 'bailarako bizitzan eta kulturaren parte sentitzen direla erakutsi zutelako jai egun handi honetan euren bizilagunekin batera kalera ateraz'.

Elizondo, Baztan, Nafarroa. Aurtengo Baztandarren Biltzarra kultura arteko elkargunea izan da. Baztandarrentzako jai egun handia da Baztandarren Biltzarra eta Nafarroa jaioterri ez dutenek ere biziki gozotu ahal izan zuten festaz pasa den igandean.

Urteroko desfilearen buruan, Nafarroako, Baztango bandera eta Ikurriña izan ziren lehen aldiz Baztanen jaioak ez diren bizilagunek eramandak, Lucia Rios (galegoa), Fernando Castijo (aragoiarra) eta Marta Perez (katalana) hain zuzen ere. Urte gutxi dira hiru lagun hauek Baztanen bizi direla baina dagoeneko bertakoak direla sentitzen dute eta inguruko kultura eta herriko bizitzan parte izan nahi dute. Martak hiru urte daramatza Elizondon bizitzen eta euskara ikastesteko asmotan etorri zen.

Ekuadorreko bizilagunen karroza

Baina berrikuntza gehiago ere izan ziren igandeko festan. Baztango bailaran bizi diren ekuadortarrek desfilean parte hartu zuten. Euren karrozan Baztanera iritsi arte egindako bidaia islatu nahi izan zuten hegazkin txiki batekin. Nestor Caranchi ekuadortarrak azaldu bezala, 'batzuk zorte ona dute eta beste batzuk ez. Espainiara etortzeko asko sufritu behar da.' Caranchiren hitzetan hogei lagunen lanari esker egin ahal izan zuten karroza: 'gehienek eraikuntzan egiten dute lan eta libre zuten tarte bakoitza karroza egiteko erabili dugu, herriko bizitzan parte hartzea izan da gure nahia eta herriak berak gu honetan esker onez hartzea. Esperientzia pozgarria'.

Virginia Aleman alkateak egun sinbolikoa zela azaldu zuen, 'bailarako 15 herriak elkartzen diren jai bakarra da'. Bestetik, oso garrantzitsutzat jo zuen etorkinek desfilean izandako parte hartzea, 'honek herria aberasten du, kulturen arteko harremanak sendotzen ditu gizarte tolerante baten alde eginez'. Bestela, karroza guztietan bizilagunek egindako lana goraipatu zuen alkateak ere.

46. desfilea eta Elizondoko Belatzak garaile

Igandekoa 46. desfilea izan zen eta urtero bezala milaka lagun bildu ziren Elizondoko kaleetan karroza lehiaketa ikusteko asmoz. Karrozetan gai ezberdinak jorratzen ditu herri bakoitzak, batek elektrizitatea herrira iritsi zeneko pasartea erakusten zuen, beste batek berriz, emakumeak garai bateko artilezko koltxoiak egiten erakusten zituen besteak beste. 'Herritarrentzat egun handia da eta lan asko egiten dute euren karroza dotore ager dadin'.

Erakustaldiaren ondoren sari banaketa izaten da eta aurtengo edizioan kalitate handiko karrozak ikusi ahal izan ziren. Epaimahaikoentzat zaila izan zen garaile bat izendatzea eta horregatik, eztabaida askoren ostean bi lehen sari eman ziren Elizondoko Belatzak eta  Elizondoko Beti Zurrutak taldeen karrozak izan ziren aurtengo hoberenak.

Parte Hartzaileak

ALMANDOZ. Nekazarien egungo egoera txarra islatu nahi izan zuten. "Lan asko egin eta guxi irabazi".
AMAIUR. Artzain txakurren lehiaketak ardatz izan zituzten.
BERROETA. XX. mendearen hasieran herrira elektrizitatea iritsi zeneko unea islatu zuten.
AZPILIKUETA. Emakumeak koltxoiak egiteko artilearen erabilera gogoratu zuten.
ANIZ. Lantzeko bidelapurrak eta herritarrek pairatzen zituzten erasoak gogoan izan zituzten.
ARRATZU. Ama birginari egindako otoitzekin 'euria' hastea lortu zuten.
ORONOZ. Etxe bereko bi emakumeren arteko liskarra antzeztu zuten.
ARIZKUN. Herrian duela 30 urte egiten den asto lasterketa Elizondora ekarri zuten.
ARRAIOZ. Kontrabandista eta poliziarekin lankidetzan aritzen zen herriko bizilagun baten istorioa kontatu zuten.
HERRI EKIMENA. Errepresioaren aurkako karroza egin zuten.
ZIGA. 40ko hamarkadan herrian zeuden aberats eta txiroen arteko ezberdintasunak salatu zituzten.
GARTZAIN. Belarra mozteko eta biltzeko ohitura erakutsi zuten.
IRURITA.  Gure Kaiola Lagunartea islatu zuten.
LEKAROZ. Etxeetan ura ez zegoen garaia gogoratu nahi izan zuten.
ELBETEA. Bailaran desagertzen joan diren presak mantentzeko aldarrikapena egin zuten.
XORROXIN. Nafarroako Gobernuak inguruko euskarazko komunikabideei eskainitako laguntza urria salatu zuten.
ELIZONDOKO BARRIDE BERRIAK. Etorkinen karrozak hegazkin bat irudikatzen zuen.
ELIZONDOKO BETI ZURRUTAK. Sagardoa egiteko prozesua erakusten zuen.
ELIZONDOKO FALFARAK-BALDARRAK. Elizondoko Casinoan egiten ziren ezkontzak islatu zituzten.
ELIZONDOKO BELATZAK. Zezen plaza portatilak lehen saria eskuratu zuen.
ELIZONDOKO AISE. Garai batean herrian egiten zen dantzaldia erakutsi zuten.
ELIZONDOKO ARRIARTE ELKARTEA. Erramuzpe gaseosa fabrika izan zuten ardatz euren karrozan.

 

 

 

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia