euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baztandar giroak Mexiko DFko Euskal Etxea bildu zuen, Xarnege taldeak alaitutako 2007 Baztango Egunean

2007/05/04

Alaitasuna eta umore ona izan ziren nagusi 2007ko Baztango Egunean (argazkia MexikoEE)
Alaitasuna eta umore ona izan ziren nagusi 2007ko Baztango Egunean (argazkia MexikoEE)

PUBLIZITATEA

Mexikoko baztandar familia eta lagun talde mardul bat Euskal Etxean bildu ziren joan den asteartean, maiatzaren lehenean, 2007ko Baztango Eguna ospatzeko. Jai honen laugarren edizioa izan zen eta urtetik urtera baztandarren bilkura gero eta jantziago eta finkatuago dagoela erakutsi zuen. Aurtengo elkarretaratzeak berrehun bat pertsona bildu zituen, Xarnege talde euskal gaskoiak bere musikarekin alaitutako arratsalde gozoa eta guzti.
2007ko Baztango Eguna eguerdiko 13:30tan hasi zen, aita Alfonso Anduezak gidatu zuen meza elizkizunarekin. Andueza nafar jatorrikoa da eta Baztango Egunaren aurreko edizioetan ere parte hartu eta laguntzeko prest agertu da. Ondotik jaia frontoira pasa eta baztandar zaporeko bazkariaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Menuan, Baztan Zopak, Txuritabeltz, piperrada, txuleta eta sagar tarta izozkiak, besteak beste, Nafarroako Aurrezki Kutxak oparitutako Señorio de Sarria ardoa lagun.

Bazkalostean Xarnege talde euskal gaskoiak kontzertua eskaini zuen frontoian eta giro paregabea ekarri zioten jaiari, jendea dantzan eta eurekin abesten hasi zela. Euskal Herritik etorriak ziren musikariak Mexikora, Ollin Kan jaialdian parte hartzera, baina Baztango Egunaren berri izan bezain pronto, Mexiko DFn emango zuten lehen kontzertua baztandarren egunarena izatea erabaki zuten. Esan eta egin. Kontzertuko bideoak ikusi nahi izanez gero, jo Vascosmexico.com webgunera. [Ezkerreko irudian Xarnegeren kontzertuko giroa (argazkia MexicoEE)]

Antolatzaileek, Mexikoko baztandar komunitatearen izenean, omenaldia egin zieten hainbat erakunde eta lagunei. Horietako bat Xarnege taldea izan zen, bere kontzertuagatik; bestea Euskal Etxea bera, bere mendeurrena dela eta, eta azkenik Nafarroako Aurrezki Kutxa, jaiari urtero eman izan dion laguntzarengatik. Omenaldia jaso zuten baita ere aita Alfonso Anduezak, José Manuel Ugartek eta Rotsen Castrok 'Baztango Eguneko jaietan izaten duten partaidetzagatik'.

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira eta goitik behera, jai giroa frontoiko mahaietan nagusi; baserritarrez jantzitako baztandarrak eta omenaldien unea (argazkiak Vascosmexico.com)]


Lotura interesagarriak

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico
www.vascosmexico.com

Xarnege taldea Mexikon
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 1ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia