euskal diaspora eta kultura
2009/07/21
PUBLIZITATEA
Sabrina Otegi/Buenos Aires, Argentina. 'Bidaia Kuban hasi genuen orain dela zortzi hilabete; bost hilabete eman ditugu bertan, beste bi Uruguain eta geroztik Buenos Airesen gaude. Hiru hilabetez ibiliko gara Argentinan eta Boliviara joango gara ondoren'. Horrela hasi da bikotea kontatzen bere esperientzia hiriburu argentinarreko Euskaltzaleak eta Eusketxeren egoitza bisitatu duenean. Baina solaskideei jakinminik handiena sortzen diena, seguruenik, bidaiaren zergatia da. 'Helburu batzuk bete nahi ditugu, bistan da', azaltzen du Agusek, 'eta niretzat behinena litzateke hemengo jendearen errealitatea ahalik eta barruagotik edo gertuagotik bizitzen saiatzea. Beste helburu bat izango litzateke, Latinoamerika bizitzen ari den momentu politiko interesgarri hau ahalik eta ondoen ezagutzen eta ulertzen saiatzea; hirugarrenez, azkenik, Euskal Herriarekin zerikusia duen zernahi, pertsonak zein elkarteak, bisitatu eta ezagutzea, eta jende horiekin egotea'.
'Jakinmina eta ikasteko gogoz etorri ginen', gehitzen du Idoiak, 'baina batez ere geure burua irekitzen ikasteko. Ohiko gure gizartean oso azkar bizi gara, gauzak nola pasatzen diren konturatu gabe. Batzuetan neka zaitezke zeure gizartearen erritmo eta baloreez eta beste errealitate bat ezagutzeko nahia izan'.
GKE Taupadak
Baina herrialdeak eta jendeak ezagutzeaz aparte, bi urtez luzatuko den euren bidaian beste zeregin berezi bat ere izango dute irundarrek. Bolivian, esaterako, Euskal Herriko GKE batekin arituko dira lanean. 'Bidasoaldean sortu den GKE bat da Taupadak. Berez elkarte bezala sortu aurretik ere, hainbat ekimen abiatu eta biziarazi zituen Bolivian. Hortik urratsak ematen hasi eta horrela sortu zen Taupadak'. Hor, emakumeei aurrerabiderako tresnak emateko pentsatutako proiektu batean izango dira lankide: 'emakumeei ekoizten eta, esaterako, oilaskoak hazten eta esnekiak egiten erakustea da asmoa. Gizonengandik independentzia ekonomikoa eskuratzea euren eskuetan egon daitekeela erakutsi behar zaie, eta horretan arituko gara',
2011an itzuliko dira bidaiariak Euskal Herrira. Bolivia utzi eta gero Venezuelara abiatuko dira Ekuador eta Kolonbiatik pasatuz. Ondoren Guatemalara eta, azkenik, Mexikora. Mexikon hartuko dute etxera eramango dituen hegazkina. Beraz, oraindik makina bat kilometro dauzkate egiteke eta esperientzia asko bizitzeke.
Lotura interesgarriak
'Taupadak' Gobernuz Kanpoko Erakundea
www.taupadak.org
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus