euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zuzendaritza bilera bukatuta, Sara Pagola Euskadiko Ordezkari Berriaren bisita jaso zuten FEVAko kideek

2013/03/21

Sara Pagola Euskadiko Mercosurrerako Ordezkari berria FEVAko kideekin elkartu zen joan den larunbatean (argazkiaFEVA)
Sara Pagola Euskadiko Mercosurrerako Ordezkari berria FEVAko kideekin elkartu zen joan den larunbatean (argazkiaFEVA)

PUBLIZITATEA

Buenos Airesera iritsi berria den Sara Pagola Aizpiri Euskadiko Ordezkari berriak bere lehenengo elkarretaratzea izan zuen joan den larunbatean Argentinako euskal diasporako ordezkariekin. FEVAren Zuzendaritza Batzordeko bilera bukatu eta gero, hainbat euskal etxetako kiderekin elkartzeko aukera izan zuen Pagolak, denen artean izandako “hizketaldi informal eta animatuan”. Euskal etxeak ezagutzen hasteko lehenengo bira ofiziala, ordea, apiril erdialdean abiatuko du Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendari berriarekin batera. Bidaia honetan Uruguai eta Brasilera ere iritsiko dira, euren esparruko euskal kolektibitateak aurrenekoz eta in situ agurtu eta ezagutzera.

Buenos Aires, Argentina. Joan den larunbatean, martxoaren 16an, egin zuen FEVAk bere hileroko Zuzendaritza Batzordearen azken bilkura. Argentinako euskal diaspora antolatua ordezkatzen duten kideekin lehenengo kontaktua izate aldera, Lavalle kaleko instituzioaren egoitzara bertaratu zen Sara Pagola Argentina, Brasil, Uruguai eta Paraguairako Euskadiko Ordezkaria. Bertan, Federazioaren bilkura bukatutakoan, euskal etxeetako lagunekin mintzatzeko aukera izan zuen agintari berriak.

Ongietorria eman ondoren, FEVA osatzen duten elkarteen izenean Ricardo Basterra lehendakariak eskertu zion Sara Pagolari bisita, berau egiteagatik eta hain agudo egiteagatik. Ohiko agurrak eta aurkezpenak egin eta gero, “hizketaldi animatu eta informal batean” murgildu ziren euskal argentinarrak eta Gobernuaren ordezkaria.

Ricardo Basterrak EuskalKultura.com-i aitortu dionez, “oso aukera ona izan zen elkar ezagutzeko eta elkarrizketa sakon, eraikile eta itxaropentsua izateko. Oso garrantzitsua da jakitea bat gatozela hainbat gaitan, hala nola, elkarrekin lan egiteko beharrean. Delegazioaren eta euskal etxeen arteko komunikazio eta hartu-emanak eguneroko gauza izan behar dutela ere komentatu genuen, etorkizunari begirako proiektu batzuk aipatuz”.

Lehenengo solasaldia

Pagola Ordezkaria ere oso gustura agertu zen EuskalKultura.com-i Federazioko lagunekin izandako elkarrizketa aipatutakoan. “Iritsi berria naiz, ostegunean heldu bainaiz Argentinara, beraz honakoa politesiazko aurreneko bisita informala izan zen, garrantzitsua hala ere, lehenengo kontaktu hori izan eta jendea ezagutzen hasteko. Gisa bereko beste bisita bat ere egin dut geroztik, oraingoan, Laurak Bat euskal etxera. Bi kasuetan solasaldiak emankorrak izan dira eta ideia ugari mahaigaineraru dira”, jakinarazi digu Sara Pagolak.

Kudeaketa berriari dagokionez, eta “nahiz eta Gobernuko berria oraindik bere lehenengo urratsetan ari den” Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak lan lerro argiak dituela adierazi digu manatari euskaldunak: “Bost helburu nagusi finkatu ditugu: lehenengoa, Euskadiren garapen iraunkorraren alde egitea, gure sektore-interesak sustatuz; bigarrena, Europaren eraikuntzan parte hartzea; hirugarren helburua, kanpoan den euskal komunitatearekiko loturak indartzea da; laugarrena, Euskadi munduan ezagutaraztea; eta bosgarrena, mundu orekatuago bat eraikitzen laguntzea”.

Aurkezpen ofiziala

Sara Pagolaren agintaldia hasia da jadanik eta aipatutakoak betetzen hasteko asmoarekin Mercosurreko euskal etxeak ezagutzeari ekingo dio. Lehenengo bira ofiziala apirilaren erdialdean gauzatuko du Pagolak, Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoan dagoen Euskal Komunitatearentzako zuzendariarekin batera. “Ibilbidea Argentinako euskal etxe handi batzuetan hasiko da eta Uruguai eta Brasilera joateko asmoa ere badugu”, zehaztu zuen Pagolak.

Azpimarratzekoa da euskal gizataldeen ordezkari frango bildu zirela larunbatean Pagola Ordezkari berria ezagutzeko, tartean, Villa Mariako Ismael Martinez de Alegria eta Gerardo Echeverria; Mar del Platako Miguel Valencia eta emaztea; San Nicolaseko Damian Cebey, Javier Tisera, Juan Martin Hormazabal eta Tais Romagnoli; Tandilgo Jose Maria Etchegoin; Rio Cuartoko Pablo Cufre; Bahia Blancako Javier Ederra; Jose C. Pazeko Maria Angeles Oñederra; Villa Mercedeseko Julio Esnaola; eta Mikel Ezkerro eta Ana de Basterra. Ricardo Basterra lehendakariarekin batera, FEVAko mahaia ere partaide izan zen bilkuran, hala nola Marta Abarrategui federazioko Idazkaria, Juan Jose Olasagastia eta Arantxa Anitua lehendakariordeak eta Hugo Andiazabal diruzaina.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia