euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Batzordea berrituta, Cañuelaseko Denak Batek larunbatean ospatuko du Aberri Eguneko Koru eta Dantzarien Topaketa

2024/04/11

Iazko Aberri Eguneko ospakizunean, Cañuelaseko San Martin plazara banderen sarreraren irudia
Iazko Aberri Eguneko ospakizunean, Cañuelaseko San Martin plazara banderen sarreraren irudia

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Aberri Eguneko urteroko ospakizun bakoitzean bezala —2007an topaketa hau antolatzen hasi zenetik aurten datorren larunbatean, apirilaren 13an, ospatuko duena barne— Cañuelasko Euskal Etxea Argentinako euskal diasporako hamaika dantzari gazte eta ordezkaritza ugariren anfitrioia bilakatuko da. Dantzarien 16. Topaketaren programak osagai izango ditu ekintzaileen eta artisautzako produktuen azoka, Donostiako danborrada tradizionala, hiriko erdigunean aire zabaleko euskal dantza ikuskizuna, erromeria eta, aurten berritasun, Abesbatzen Topaketa ere.

Abesbatzen kontzertuak emango dio hasiera Aberri Eguneko topaketari. Arratsaldeko 17etan hasiko da 'Nuestra Señora del Carmen' elizan, San Martin plazaren aurrean. Kantatuko dute San Nicolaseko Euzkal Etxeko “Errekatarrak” abesbatzak, Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en abesbatzak eta, Leandro Vallejosen zuzendaritzapean, Cañuelas bertako Denak Baten abesbatzak. Ekitaldia amaitu ondoren, Euskal Etxeko atean biltzeko deia egin zaie herritarrei, danborradarekin batera Libertad eta Del Carmen kaleen izkinaraino kalejiran ateratzeko, kalegurutze horretan, Udaletxearen aurrean, egongo baita oholtza.

Euskal artikuluen azoka

Daniel Sancholuz ekitaldiko esatari egingo da dantza taldeen emanaldia. Partaide izango dira Ayacuchoko “Euskal Odola”, Saladilloko “Itxaropen”, Buenos Airesko “Laurak Bat” eta “Oihankide Taldea”, Chacabucoko “Guillermo Larregui”, La Platako “Euzko Etxea” eta, Cecilia Milani, Lourdes Aguirre eta Victoria Rodríguez zuzendari dituen Cañuelasko “Euskal Arima” dantzari taldeak, danborrada eta bertako abesbatzaz gain. Erromeria, berriz, 21etan hasiko da Euskal Etxean, Daniel "Jopo" Galeroren hirukotearen euskarazko eta gaztelaniazko abestiak eta erritmoak alaitasun eta giro jartzaile.

Aurreko edizioetan bezala, Euskal Etxearen aurrean euskal komunitateko ekintzaile eta artisauen azoka ezarriko da. Bertan izango dira, esaterako, Aitunea-ren diseinu-objektuak, Zirimiri-ren zeramikak, Las Vasquitas-en likoreak, Cañuelaseko Denak Bat-eko dantzari ohi Marina Rolonen ekimena den Colibrí-ren ehun, liburu eta eskuz egindako dekorazio objektuak, Txapela sagardo naturala, Denak Bateko abesbatzako kideek egindako gozogintza eta plater tipikoen saltokia.


Cañuelaseko Denak Bateko Batzorde Berria, martxoaren 22ko Batzarrean berritua

María José Oyharzabal, lehendakari

Azpimarratzekoa, euskal etxe cañuelastarrak martxoaren 22an egindako Batzarrean berritu zuela Zuzendaritza Batzordea eta María José Oyharzabal hautatu zutela lehendakari. EEko arduradun goren berriak EuskalKultura.eus-ekin partekatu du hartu berri duen rolak sortarazten dizkion harrotasuna eta engaiamendua. “Poz handia ematen digu Aberri Egun berri bat ilusioz bizitzeak, haurrak eta gazteak dantzan, helduak kantuan ikusteak”.

Bertaratuko direla baieztatu dutenen artean daude, besteak beste, Paranako Urrundik, Gral. Rodríguezko Eusko Aterpea, Bahía Blancako Unión Vasca eta baita FEVAko lehendakari Arantxa Anitua ere. Denak Bat-eko presidente berriak zera gaineratu du, hala ere: “Badakigu honakoa urte berezi bat dela, askok ezingo dutela bertan egon, arrazoi ezberdinengatik, ekonomikoak barne. Horregatik, eta parte hartzea erraztearren, erabaki genuen programa osoa egun bakarrera biltzea. Etorri ezin izan direnei, esaten diegu urrutitik bada ere, elkarrekin ospatuko dugula».

Cañuelaseko Zuzendaritza Batzorde berria honela osatua geratu da:

- Lehendakaria: María José Oyharzabal 
- Lehendakariordea: Ismael Bernardo Goñi
- Idazkaria: Luis Roma Aristondo
- Diruzaina: Graciela Echarri
- Batzordekide Titularra: Nieves María Zulaica
- Batzordekide Titularra: Jorge Andrés Chamorro 
- Batzordekide Ordezkoa: Eduardo José Odriozola
- Batzordekide Ordezkoa: Cecilia Milani 
- Kontu ikuskatzaile Titularra: Verónica Lucía  Zulaica
- Kontu ikuskatzaile Titularra: Margarita Teresa Mathieu
- Kontu ikuskatzaile Ordezkoa: Facundo Rolón
- Kontu ikuskatzaile Ordezkoa: Christian Etchevers



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia