euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

BatekMila erakusketa zabalduko da etzi Baionan eta interneten, 'txango bat euskal munduetan barrena'

2007/06/21

BatekMilak euskal munduak eta euskaldun izateko era anitzak erakusten ditu fisikoki zein sarean
BatekMilak euskal munduak eta euskaldun izateko era anitzak erakusten ditu fisikoki zein sarean

PUBLIZITATEA

Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Koldo Mitxelena kulturguneak antolatu duten BatekMila erakusketak ateak irekiko ditu larunbat honetan Baionan. Erakusketak bidaia bat proposatzen du gaur egungo euskal kulturan zehar, euskaldun izateko era desberdinak taularatuz, bai Euskal Herrian eta baita munduan ere. Diasporako euskaldunengana iristeko asmoz EKEk erakusketaren bertsio birtuala sortu du. Bertan argazkiak, bideoak eta munduko euskaldunen testigantzak ikus eta entzun daitezke.
Euskal Kultur Erakundeak etzi larunbata inauguratuko du Batek Mila erakusketa Lapurdiko hiriburuan. Ekimen hau izan bereko kultur programa zabal baten parte da. Duela bi urte jarri zuten abian programa, eta EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoinek BasqueHeritage.com-i adierazi dionez 'izenak berak azaltzen du programaren funtsa: bat, Euskal Herrian badugulako oinarrizko berezitasun bat, euskara; eta mila, aniztasun kulturala ere badagoelako Euskal Herrian'.

Programaren helburua, eta orain erakusketarena, 'euskara ez dakitenak ere euskal kulturara ekartzea, gureganatzea' da. Asmo horrekin azken bi urtetan EKEk ekitaldi ugari egin ditu institutuetan, gune publikoetan... euskal kulturaren baloratzea bultzatzeko. Orain heldu den erakusketak 'Euskal Munduak' izena du, Etchegoinen esanetan 'jendeak euskalduntasuna nola bizi duen, bai Euskal Herrian eta baita Diasporan ere' azaltzen duelako. Erakusketak gaur egungo euskal munduetan zehar bidaiatzea proposatzen dio ikusleari, bidean euskaldun izateko hamaika era desberdin erakutsiz.

Erakusketa Baionan...

Larunbatetik aurrera Baionan ikusgai izango den erakusketak ibilbide multimedia bat aurkeztuko dio ikusleari. Bidean soinu eta irudien 'bainu' bat jasoko du ikusleak. Ondorioz, lehendabiziko tarteak 'Murgiltzea' izena hartu du eta bertan bisitariek euskal kultura garaikidea ikusi ahal izango dute. 'Alde garaikide horri garrantzi handia eman diogu, bai forma aldetik eta baita kontzeptu aldetik ere. Ez genuen folklorea erakutsi nahi, gaur egun artistek, kaleko jendeak... sortzen duten euskal kultura garaikidea baizik', azaltzen du Etchegoinek.

Bigarren gunea 'Topaketak Kulturalak' tartea da. Bertan egungo euskal ahozkotasuna eta adierazpen artistikoaren adibideak agertzen dira: poemak, bertsolaritza, dantza, antzerkia... Hirugarren moduluan ---'Nortasun bizikidea, euskal uhartedia'-- Euskal Herriko eta diasporako euskaldunek euren euskal nortasuna nola bizi duten azaltzen dute. Azkenik, laugarren gunean, 'Mediateka', gai hauen inguruko informazio gehigarria eskaintzen da, sakondu nahi duenarentzako.

...baina baita sarean ere

Baina Baionako erakusketak 'bizkia' izango du sarean, www.batekmila.com webgunean. Bertan munduko internet erabiltzaileek erakusketako edukiak eskuratu ahal izango dituzte. Webgunean Baionako argazkiak eta bideoak daude ikusgai, adibidez. Beste atal interesgarri bat 'Euskaldunen mundua' izenekoa da. Bertan Diasporako zenbait euskaldunen ahotsak eta lekukotasunak daude entzungai: Gabriel Ceballos (Mexiko), Mary Gaztambide (Utah), Xabier Berrueta (San Frantzisko), Alex Mendizabal (Erroma)... dira horietako batzuk.

Datozen egunetan aberasten joango den atal bat 'Gure euskal munduak' tartea izango da. Bertan Baionako bisitariek joko baten bidez sortutako 'euskal mundu' pertsonalen argazkiak jarriko dira ikusgai. Datozen egunetan euskal mundua sortzen duen jokoa sarean ere egongo da, Etchegoinek aurreratu digunez.

Larunbateko inaugurazioarekin batera, EKEk animazio eta musika ekitaldi desberdinak antolatu ditu Baionan. Bihar bertan hasiko dira, Baionako Antzokian egingo den 'Arte' antzezlanaren emanaldiarekin. Larunbatean jaia goizeko 10:00etatik izango da herriko kaleetan. Egitarau osoa, hemen.


Lotura interesgarriak

BatekMilaren web gunea
www.batekmila.com

Euskal Kultur Erakundea
www.eke.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia