euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Basterretxearen mendeurrena ospagai Renoko Unibertsitatean Jon Bilbao Katedra eta Katrin Alberdi adituaren eskutik

2024/09/24

Andres Irujo, Fran Goitia, Arantxa Irujo, Zöe Bray, Katrin Alberdi eta Leire Urbeltz mahain inguruan (argazkia K. Alberdi)
Andres Irujo, Fran Goitia, Arantxa Irujo, Zöe Bray, Katrin Alberdi eta Leire Urbeltz mahain inguruan (argazkia K. Alberdi)

PUBLIZITATEA

Reno, Nevada, AEB. Bermeoko eskultore eta artista polifazetikoaren jaiotzaren mendeurrenean, Nevada-Renoko Unibertsitateko ‘Jon Bilbao’ katedrak bi jarduera antolatu ditu irailean EHUko doktore eta Arte Ederretan lizentziaduna den Katrin Alberdi partaide dela. Lehenengoa irailaren 14an egin zen eta mahainguru batean hartu zuen parte Alberdik Renoko Convention Center-en.

Jon Bilbao Katedrako 2024ko titularra denak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, “aurten lehenengo aldiz gonbidatu dute Renoko Unibertsitatea Reno Tahoe International Art Show delako arte azokara. Euskal arteak leku berezia izan zuen, hamar bat euskal artista plastikori espazio batzuk eman baitzizkieten beren arte lanak erakusteko eta mahai-ingurua ere antolatu baitzen”.

Bakardade eta Orreaga

Mahai inguruan euskal artea aurkeztu eta honi lotutako gaiak jorratu zituzten parte hartutako adituek, tartean gaur egun kanpoan –zehatzago Estatu Batuetan– bizi diren euskal artisten lana; Renok biltzen dituen Nestor Basterretxearen artelanak (Bakardade eta Orreaga izenekoak) eta, Basterretxearen erbestealdia ardatz hartuta, deserriratzea euskal artean nola irudikatu izan den hautatu zuten solasgai.

Katrin Alberdirekin batera honako euskal artistek hartu zuten parte: Fran Goitia, Arantxa Irujo, Zöe Bray eta Leire Urbeltzek. “Nestor Basterretxearen lanaren bitartez saiatu ginen denon artean loturak eta euskal artisten berezitasunak bilatzen, esan nahi baita zerk bereizten dituen artista euskaldunak gainerako artistengandik ikusten”, diosku Alberdik. Arte erakusketaz eta mahai-inguruaz gain, euskal musikak ere osatu zuen programa Franco Cavalleri, Maider Roquete eta Garikoitz Mendizabal musikarien eskutik.

Hitzaldia Basterretxeaz

‘Jon Bilbao’ katedrak antolatutako bigarren ekintza hitzaldia izan zen, irailaren 16an, Renoko Unibertsitatean bertan. “Kasu honetan, Basterretxearen ibilbide artistikoa hartu nuen gai nagusi; Renon dauden bere bi obretan zentratu nintzen baina horretaz aparte ikuspegi multidisziplinarra eman nahi izan nuen eta bere obra guztia erakutsi. Eta kontserbazioarekin lotu nuen, ni nau arte kontserbatzailea bainaiz eta Basterretxearen katalogazio egindakoa, eta gure lanaren balioa ere nabarmendu nahi izan nuen”, adierazi digu.


Katrin Alberdik hitzaldia ematen Nestor Basterretxeaz Nevada-Renoko Unibertsitatean

Katrin Alberdi EHU doktoreak hamar urte baino gehiago eman ditu Guggehneim Bilbao Museoan kontserbazio lanetan eta Nestor Basterretxea artistaren kontserbazio plan integrala garatu du. Nevada-Renoko Unibertsitatean egoitza duen ‘Jon Bilbao’ katedra Etxepare Euskal Institutuak eta Nevada-Renoko Unibertsitateak lankide sortutako ekimen bat da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia