euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Batasun eta partaidetza dei-egile azaldu da Ricardo Basterra: "Guztia egingo dugu euskaltasunaren alde"

2010/03/18

Ricardo Basterra, Santa Rosako Euskadi Plazan. Bertako Zelaiko Euskal Etxeko lehendakaria da FEVAko lehendakarigaia (argazkia EuskalKultura.com)
Ricardo Basterra, Santa Rosako Euskadi Plazan. Bertako Zelaiko Euskal Etxeko lehendakaria da FEVAko lehendakarigaia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Datorren larunbatean egingo diren FEVAko buruzagitzarako hauteskundeetan lehian gelditu den zerrenda bakarreko burua da Ricardo Basterra. Munduan euskal etxerik gehien biltzen duen federazioak Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxera bilduko ditu bere bazkideak, datozen bi urteetan erakundea gobernatuko duten karguak berritzeko. Hauteskunde lehia izango zela zirudien, baina 'Renovación Vasca' izenpean aurkeztekotan zen zerrendak, Alejo Martin buru, ez aurkeztea erabaki zuen azken momentuan. EuskalKultura.com-ek galdera batzuk luzatu dizkio, gauza ezohikorik gertatu ezean datorren larunbatetik aurrera FEVAko lehendakaria izango den Ricardo Basterrari, egun FEVAko diruzain eta Santa Rosako Euskal Etxeko lehendakaria den hautagaiari.

Joseba Etxarri/EuskalKultura.com. Guztia prest da Buenos Airesen etzi larunbat goizean hasiko den FEVAren Batzar Nagusirako. Bi urtetarik gertatzen den bezala, erakunde argentinarrak bere kargu garrantzitsuenak berritu ditu, tartean lehendakari, idazkari, diruzain eta zenbait batzordekide, eta baita kontu-ikuskatzaileak ere, azken hauek urte beterako bakarrik. Lehian den zerrenda bakarrak Ricardo Basterra aurkezten du lehendakari, Marta Abarrategui idazkari eta Hugo Andiazabal diruzain. Hona idatziz pasa dizkiogun galderei Ricardo Basterrak emandako erantzunak.

-Teoriari bagagozkio, hauteskundeetan bi hautagaitza egotea, eta lehia egotea, norberaren proposamenak fintzeko, kontrastatzeko eta hobetzeko aukerarekin, gauza ona da beti erakunde batentzat, baita FEVArentzat ere. Ados zaude?

-Bi hautagaitza egoteak FEVAren bizitzan parte hartzeko interesa dagoela adierazten du, gauza positiboa dela uste dut, euskaldunen eta gehienbat Diaspora arloko gai berriak eztabaidatzeko aukera ekartzen duen heinean.

-Bi zerrendek esan zuten bestearekin hitz egin zutela, haitagaitza bakar eta bilkoi bat osatzeko, zerk huts egin zuen?

-Bai, berresten dut zerrendak osatzeko aurreko momentuetan hitz egin genuela. Gure aldetik, nire izena ez zen funtsezko gauza, baina bai adostutako proiektu bati buruz eztabaida serioa izatea, zinezkoa FEVAtik egiten den euskaltasunaren defentsari eta zentzu abertzaleari dagokionez. Behar bada ez genion elkarri eztabaidatzeko nahikoa denbora eman, baina egiteko itxaropena daukat.

-Zer irizten diozu Renovacion Vasca hautagaitza erretiratzeari? Zergatik uste duzu gertatu zela hori?

-Renovacion Vascakoek erretiratzeko izan zituzten arrazoiak argitzearena zerrendakoek eurek argitu beharko dute, hala iruditzen bazaie.

-Aurkezteari uko egiten ziola adierazten zuen oharrean, salaketa larriak bota ziuen Alejo Martinek. Iruzkinik?

-Aurretik ere esana dut salaketa horiek ez zutela heldulekurik, eta erabat ukatzen ditut, ez da hori gure jokabidea; baina baliteke momentu txarra izatea.

-Hitz egin al duzu geroztik berarekin, tokiren bat eskainiz edo bere proposamenetako batzuk zeure programara ekarriko dituzula adosteko?

-Ezin izan dut mintzatu Alejorekin. Ez zen posible erretiratu zenean ezer eskaintzea, zerrendak aurkezteko legezko epea bukatzen zen egunean adiertazi baitzuen. Hala ere, guztiekin hitz egiteko eta guztiei entzuteko jarrerari eutsiko diogu; ziur guztion artean gauzak hobetzeko gauza izango garela; honi dagokionez proposamen guztiak eztabaida eta aipa daitezke.

-Zein iritzi duzu berak egin zituen proposamen eta kritikez? Arrazoirik ba al zuen ezertan? Erabiltzeko moduko proposamenik egin al zuen?

-Ez litzake logikoa izango iritzia ematea bere proposamenez, kasu batzuetan itxura interesgarria har badezakete ere, beharrezkoa baita jakitea nola nahi diren gauzatu. Bere kritikei buruz, ni egin diren gauza txarrak bilatzen denbora galtzearen kontrakoa naiz, nahiago dut ahalegin handiz egindakoan oinarritu eta hortik aurrera bultzatu. Ezin ditugu denbora eta ahalegin alperrik galdu hainbeste dagoenean egiteke.

-Zein da zure jarrera edo zein iritzi duzu Eusko Jaurlaritzari buruz, eta zeintzuk dira eta uste duzu izango direla zure harremanak Elvira Kortajarena Ordezkariarekin? Zein iritzi hartu duzu berarekin elkarrizketatu ondoren?

-Elkarrekiko errespetuz jardungo dugula esan dugu, errespetuz jokatuko dugu, gauza bera eskatuz. Ikusmolde berdinak ditugunean, are hobekiago, eta bestela bada, ditugun ikusmolde eta jarrerak eztabaidatuko ditugu. Ez da ahanztu behar XIX. mendetik hona lur hauetara iritsi diren euskaldunak 'bultzatutako' immigrazioz egin dutela, gosea, lanik eza, aukerarik eza eta askok jazarpen politikoa medio, horrek ekarri du gure Euskal Etxeen muina. Eta gure arbasoen errespetuari eta memoriari ezin diogu huts egin.

-Egungo argazkian, eta FEVAko lehendakari izango zarenez, zeintzuk izango dira larunbatetik aurrera hartuko dituzun lehenengo neurriak edo zein arazorei eutsiko diezu lehenik?

-Nik uste horretarako larunbatera arte behar dugula itxaron, errespetu falta litzateke lehendakari gisa jarriko banitza oraindik halakorik ez dagoenean, baina gure programa argia eta xinplea da, eta lehenik berari lotuko gatzazkio, baina honek ez du esan nahi erabat itxiak izango garenik. Edozein erakunderen politikak dinamikoa behar du izan, are gehiago kontutan hartuta gure lurraldearen zabalerak eta eskualdeerako errealitateek ekartzen dioten konplexutasuna, euskal etxe bakoitzari marka berezia ezarriz. Baina bai behar dut esan guztia egingo dugula euskaltasunaren alde.

-Mezuren bat euskal etxeei eta Argentinako euskal gizataldeari?

-Mezua larunbatean Batzarrean emango diegu Euskal Etxeei: batasunerako eta partaidetzarako deia egingo diegu.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia