Koldo San Sebastianek gidatutako proiektuak hainbat historialarien lanarekin atera ahal izan da aurrera, hala nola, Argitxu Camus-Etxekopar, Joxe Mallea-Olaetxe, Jone Laka eta José Luis Madarieta, batzuk aipatzearren. (Irudia: CBS)
19 eta 20. mendeetan Estatu Batuetara emigratu zuten milaka euskaldunen biografiak bltzen ditu 'Basques in the US' obrak. Bigarren edizioa bukatzear, egilearekin, Koldo San Sebastianekin, eta argitaldariarekin, Renoko Euskal Ikasketen Zentroko (CBS) Daniel Monterorekin, solastu da EuskalKultura.com. San Sebastianen esanetan, “dibulgaziorako oso erreminta eraginkorra da internet, norabide biko lanabesa, gainera". "Guk informazioa jartzen dugu sarean, baina hori zuzendu ere egiten dute irakurleek, zerbait zuzena ez denean”. Monterok, bere aldetik, CBSren bloga kudeatzen du eta harrituta dago biografiak aipatuz argitaratutako postek lortu duten oihartzunaz: "gauza ona da hori" esan digu.
Reno, AEB. Bizitza gogorra eta hiltze latza izan zuen Domingo Txomin Malasechevarriak: heriotza zigorra aplikatu zioten Nevadako Carson City-tik hurbil dagoen Estatuko Presondegian, 1892ko azaroaren 13an. Gizaburuagako (Bizkaia) Erreka baserrian jaio zen 1892an eta AEBetara artzain 1912an joatea erabaki zuen. Bizimodu gogor eta bakartiak buru osasunean eragin zion eta beheranzko bidea hasi zuen. Duela aste batzuk, martxoaren 10ean, bere bizitzari buruzko post laburra eman da argitara CBSren blogean, Basques in the US liburutik hartutakoa. Egun gutxitan hamaikatxo bider partekatua izan da sarrera Facebook bezalako sare sozialetan. “Harrituta nago publikatu genuen lehen sarrera horrek izan zuen oihartzunarekin, baina gauza ona dai”, esan dio Daniel Monterok buletin honi.
Malasechevarriaren ingurukoaren ostean, beste pare bat post atera ditu Daniel Montero kudeatzaile duen CBSren blogak –askoz alaiagoak–, eta hauek ere ondo hartu dituzte irakurleek. Basques in the US-en bigarren edizioa amaitzear dagoen honetan –hemendik gutxira ateratzeko asmoa dute eta AEB osoan bizi izandako beste 30.000 euskaldunen biografiak aterako dituzte–, egilea eta editorea internetek mota honetako proiektuentzat duen garrantziaz jardun dira.
“Hasiera batetik nahi genuen Basques in the US liburu hutsa baino askoz interaktiboa izango zen proiektua izatea”, argitzen du Monterok. “Jende arruntaren istorioak nahi genituen kontatu, ez ezaguna zen jendearenak bakarrik, eta ikuspuntu desberdin batetik nahi genituen kontatu. Horregatik sortu genuen liburuarentzat propio den webgune bat; izan ere, proiektu osoak dauka alde digitala”. dio Koldo San Sebastianek. “Dibulgaziorako oso erreminta eraginkorra da internet, norabide biko lanabesa, gainera; guk informazioa jartzen dugu sarean, baina hori ere zuzendu egiten dute irakurleek, zerbait zuzena ez denean”.
Harira jarraiki, Monterok esan du jendea animatu nahi dutela proiektuan parte hartzera. “Apurka apurka badoa jendea parte hartzen. Liburuan sartu ez genituen istorio batzuk lortu ditugu bai eta hainbat zuzenketa ere”. Eta CBSren blog honen bidez jasotzen duten informazioaz gain, San Sebastianek koordinatzen dituen Facebook-eko pare bat taldeetatik ere lortu dituzte datu batzuk.