euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

BasqueResearch.com-ek hamarkada bat bete du Euskal Herrian egiten den ikerketa mundura zabaltzen

2012/06/14

BasqueResearch.com webgunearen azala. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak ditu.
BasqueResearch.com webgunearen azala. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak ditu.

PUBLIZITATEA

BasqueResearch.com webguneak bere lehenengo hamarkada bete du Euskal Herrian egiten diren ikerketen berri mundura zabalera hedatzen. Elhuyar Fundazioak sortutako ekimenak hamar urte bete ditu Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren erakusleiho izaten. Denbora honetan 8.000 albiste eta ekitaldi bildu eta zabaldu ditu. Basque Research-ek argitaratutako albisteak Eurekalert! webgunean ere zabaltzen dira, 2004an sinatutako hitzarmen bati esker. Science aldizkari ospetsua editatzen duen American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundearen webgunea da Eurekalert!. Zabalkunde lan honi esker Euskal Herrian egiten den ikerketari buruzko albisteak komunikabide entzutetsu askotan agertu dira: The Times, New Scientist, BBC, Discovery Channel, National Geographic, CNN... Zorionak, eta hasteko beste hainbeste bete ditzazuela!

Usurbil, Gipuzkoa. Urteurrenaren berriak izan du oihartzunik hasteko Basque Research-en webgunean berean eman diren albisteen artean, ez baita gauza txikia honelako ekimen batek aurrera egitea, batetik islatzen dituen ahalegin eta emaitzak hor daudelako, errealitate hazkor eta temati, eta bestetik, horien berri emateari garrantzia eman eta hedakuntza eta zabalkunde lana egitea haintzat hartuz hamar urte bete izana ez delako batere marka makala. Hauxe, beraz, islatu beharreko titularra: Elhuyar Fundazioaren Basque Research webguneak (www.basqueresearch.com) hamar urte bete ditu Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren erakusleiho izaten.

Hamar urte hauetan, 8.000 albiste eta ekitaldi bildu eta zabaldu ditu; ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean ere. Izan ere, ikerketa eta garapenerako sareak sortzea izan da Basque Researchen lehentasuna hasiera-hasieratik. Esaterako, aipagarriak dira Europako ikerketa biltzen duen Alphagalileo eta Europako Batzordearen Cordis Wire webguneekin dituen lankidetzak. Era berean, Basque Researchen argitaratutako albisteak Eurekalert! webgunean ere zabaltzen dira, 2004an sinatutako hitzarmen bati esker. Science aldizkari ospetsua editatzen duen taldearen webgunea da Eurekalert!, hau da, American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundearena.

Sare horri esker, hamar urte hauetan, Euskal Herrian egiten den ikerketari buruzko albisteak komunikabide entzutetsu askotan agertu dira: The Times, New Scientist, BBC, Discovery Channel, National Geographic, CNN...

Urteurrena ospatzeko, argitaratutako albiste irakurrienen zerrenda osatu du Basque Research webguneak. Horiexek dira, hain zuzen, nazioartean oihartzun handiena izan dutenetako batzuk. Urre-, zilar- eta kobre-atomoen magnetismoari buruzko albiste bat da webguneko albiste irakurrienen zerrendaburu. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko zenbait ikertzailek nazioarteko talde batekin elkarlanean egindako ikerketa-lan baten emaitza da. Lan horrek galdera berriak planteatzen ditu magnetismoari lotutako mekanismo fisikoen inguruan, eta ate berriak irekitzen dizkie zenbait gaixotasunen tratamendurako aplikazio interesgarriei.

Aplikazioak alde batera utzi gabe, Lizarrako BSH enpresak Siemens etxearekin batera garatutako Dressman plantxatzeko robotaren inguruko albistea da irakurrienen artean bigarrena. Alkandorak plantxatu eta lehortzeko robot bat da hori.

Gaia erabat aldatuz, antzinako DNAren azterketak baliatuz Arabako Aldaieta nekropoliko populazioaren inguruko lan batek jaso ditu ondoren bisita gehien. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikerketa-lana da hori ere.

Urtemuga ospatze hutsarekin nahikoa ez, eta zenbait hobekuntza egin berri ditu Basque Researchek. Esaterako, Twitter bidez, lehenengo urratsa egin dute sare sozialetan. Halaber, webgunea erabiltzen duten ikertzaileek, kazetariek eta bisitariek astero eta hilero jasotzen dituzten buletinak eraberritu dituzte, elementu grafikoak indartuz, besteak beste.

Duela hamarkada bat ezarritako helburuaren ildo beretik, erreminta eroso eta azkarra izaten jarraitu nahi du Basque Research webguneak, Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri jakin nahi duenarentzat edo ikerketa zabaldu nahi dutenentzat, gogora arazi digute hamargarren urteurren honetan.

Hamar urte, hamar albiste eta izan dituzten bisitak

Hamar urte hauetako hamar albiste irakurrienen zerrenda:

1. Magnetikoak bihurtu dituzte urre-, zilar- eta kobre-atomoak. 38.962 bisita

2. Dressman, plantxatzeko robota. 18.824 bisita

3. Antzinako DNA: Aldaietako historia biologikoa berregiten. 16.737 bisita

4. Familia-insomnio hilgarria (FIH) eragiten duen mutazioaren jatorria ikertu dute. 10.596 bisita

5. Itziar Laka Gogo Elebiduna ikertzaile-taldeko zuzendaria: “Hizkuntza burmuinean dago”. 10.304 bisita

6. Robot industrialen portaera hobetzeko metodo berriak. 9.950 bisita

7. Osasunari lotutako bizi-kalitatea neurtzea, bioestatistikaren desafioa 9.779 bisita

8. BIOSEK, biometriako sistemak ebaluatzeko sistema. 9.631 bisita

9. Propietate elektromagnetiko berriak dituzten metamaterialak. 9.585 bisita

10. Bertsolarien “gaitasuna” aztertuko du BCBL-k. 9.339 bisita



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia