euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Basque Whaling da Boiseko Euskal Museoak Idahoko hiriburuan zabaldu duen erakusketa berria, bale ehizaz

2007/08/22

Joseba Chertudi, balea harrapatzera atera aurretik euskal marinelek esan ohi zituzten hiru otoitz irakurtzen, euskaraz (arg. EuskalKultura.com)
Joseba Chertudi, balea harrapatzera atera aurretik euskal marinelek esan ohi zituzten hiru otoitz irakurtzen, euskaraz (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Egun gutxi da zabaldu dela Boisen, bertako Euskal Museo eta Kultura Etxeak antolaturik, Basque Whaling izeneko erakusketa, balearen eta euskal baleazaleen historia aurkezten duen Euskal Museoaren exhibizio berria. Urte bete bederen egongo da ikusgai Idahoko hiriburuan, eta orain arte neurri handi batean desezagutzen zuten mundu bat irekiko die bertako hainbat biztanleei: euskaldunen harreman sakona itsasoarekin, eta kasu honetan, euskaldunen ekarria balearen industriari, zeinean euskaldunak nagusi izan baitziren munduan XVII. mendean.
Hilabete ere ez da erakusketa zabaldu dela, izan ere hilabete asko iraun duten eta Euskal Museoak bere baitan izan dituen hainbat aldaketa eta zaharberritze lanen ondotik. Exhibizioak aurrera darama Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeak 1985ean sortu zelarik eman zituen lehen urratsen xede eta asmo bera, hala nola euskaldunak, herri eta kultura gisa hobeto ezagutu eta ezagutaraztea, bertako euskaldunen beren artean lehenik, eta euren inguru amerikar orokorraren artean ondoren. Hemen, euskaldunak artzaingoarekin eta lehorreko jarduerekin lotzen dituen Mendebalde iparramerikarrean, hautu ona egin dutela dirudi euskal baleazale eta itsas-pertsonen erakusketarekin, eta orain arte lortu duten bisitari kopuruak eta proposamen honek zabaldutako interesak hala baieztatuko luke.

[Erakusketako zati batzuk manikiak eta egiazko pertsonak azaltzen dituzte, garai hartako marinelen eta pertsonen jantziekin (argazkia EuskalKultura.com)]

Erakusketa uztailaren 27an ireki zen ofizialki, nahiz eta 26 arratsaldean Museoko bazkide ongile eta sustengatzaileentzako aurre-inaugurazio ekitalditxo bat egin zen, pintxo bidezko afari informala barne, azken hau ekimen sos-biltzaile gisa planteatuta, tiketak ehun dolarreko dohaintza eskatzen baitzuen, zergetan kengarria, Museoko ekimenen alde.

Izen osoa Basque Whaling: Danger and Daring on a Distant Shore daraman exhibizioak balearen ehiza hartzen du ardatz, hain zuzen ere euskaldunek mendeetan zehar arrakastaz garatu zuten jardunbide hau, munduko lehenengo potentzia izateraino XVI. mendean. Euskal historiaren eta euskaldunen munduarekiko ekarriaren alderdi diferente bat erakusten dute erakusketako atal desberdinek, erabat itsasoari lotua. Itsasoarekiko lotura hau, esaterako, nobedade zaio idahotar euskaldun eta ez-euskaldun askori, eta erakusketak lagundu egiten du Euskal Herriaren eta euskaldunen irudia birkokatzen eta zenbaiten ezagutza eta sasi-ezagutza kaskarrak astintzeko, edo astintzen hasteko.

[Erakusketako lau ikuspegi, Christine Echeverria Bender, euskal fikzio historiko idazle eta aldi berean erakusketa honen bultzatzaile handia izan denak gidaturiko bisitan (argazkia EuskalKultura.com)]

Aurre-inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Pete Cenarrusa Idahoko Estatu-Idazkari ohiak eta bere emazte Fredak, Ray Aspiri enpresari amerikar euskaldunak, Joseba Chertudi euskaltzale boisetar ezagunak eta bere anaia Kepa Pete Chertudik, Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeko beste hainbat bazkide ongile eta bultzatzaileren artean. Hitz batzuk eskaini zituzten edota gonbidatuak errezibitzen ibili ziren Patty Miller Museoko zuzendaria, Christine Echeverria Bender idazle eta erakusketa honetan laguntzaile handia izan dena eta Loni Manning, Museoko curator edo zuzendari tekniko eta erakusketarko arduraduna dena.

Ekitaldi horretan zehar hainbat azalpen eskaini zitzaizkien bertaratutakoei erakusketaz zein orohar euskaldunek balearen harrapaketarekin eta itsasoan garatu dituzten jardunbideez. Bide batez antolatzaileek aukera baliatu zuten aurrean zeuden laguntzaileei eta orohar exhibizioa eta Museoaren abiada babesten ibili diren eta dabiltzan lagun guztiei euren esker bizia adierazteko. Horrekin batera, lehenengo bisita gidatu bat egiteko gonbita ere luzatu zieten, erakusketa antolatu duten arduradunen gidaritza zuzenarekin.

[Erakusketaren inaugurazio ekitaldiko zenbait une, tartean (lehenengo argazkian) euskal komunitateko kide aktibo diren Dave Lachiondo eta Coro Gil Goitiandiak zuzenean jotako musika. Ekitaldia Euskal Museoaren kanpo aldean egin zen, Museoko parte den Jacobs-Uberuaga etxeko (Boiseko adreiluzko egoitzarik zaharrena da eraikina) jardineko Gernikako Arbolaren gerizpean. Laugarren argazkiak Joseba Chertudik egin zuen irakurraldiko une bat erakusten du, euskal marinelek balea ehizatzera atera aurretik esaten zituzten otoitzen irrakurraldia (argazkiak EuskalKultura.com)]

Testuinguru horretan, ekimen berezia izan zen Joseba Chertudi Museoko batzordekideak egin zuen irakurketa, hala nola XVI. mendean arrantzale eta baleazale euskaldunek itsasoratu aurretik egiten zituzten hiru otoitz, lapurteraz, arrantzaldi eta harrapaketa onak eskatuz. Beste ekimen koloretsu bat Boiseko Biotzetik abesbatzaren eskutik etorri zen, koraleko hiru gizonek Benito Lertxundik famatu zituen 'Balearen bertsoak' kantatu baitzituzten, ingelesezko itzulpena paperean emanik. Jakina denez, bertsook, 1901ean balea Orioko herriko barraren aurrean agertu zenekoa kontatzen dute, ustez Bizkaiko Golkoan harrapatu den azkeneko balearen harrapaketaren kronika eginez.


DATUAK

-Non: Boiseko Euskal Museoan, 611 Grove Street-en kokatua, Basque Block delakoaren baitan, Boise erdigunearen erdian, Udaletxetik koadra batera eta Estatuko Kapitoliotik hirutara.

-Museo ordutegiak: asteartetik ostiralera, goizeko 10etatik arratsaldeko 4:00etara; larunbatetan, goizeko 11etatik arratsaldeko hiruretara; Igande, astelehen eta festa egunetan itxirik (tel: 208-343-2671)



Lotura interesgarriak

Basque Museum & Cultural Center, Boise, Idaho
www.basquemuseum.com

Christine Echeverria Bender, euskal fikzio historiko idazlea
www.christinebender.com

Balearen ehiza eta bere eragina Euskal Herrian
Miren Koro Campos eta Mauro Peñalba, Euskonews-en

'Apaizac Obeto' espedizioa, baleazaleen historia berriro biziz
En www.albaola.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia