Ameriketako euskaldunen ondarea berreskuratzeko lanean, Boiseko Euskal Museoak proiektu berri eta “oso interesgarria” hasi berri du, instituzioan bekadun dabilen Eneko Tudurik EuskalKultura.com-i adierazi dion legez. Boiseko 'Basque Radio Program' irratsaio historikoa digitalizatzen ari da Tuduri, 1952tik 1984ra bitartean, KBOI irratitik uhinarazi zuten saioa. AEB, Kanada eta Mexikoko euskaldunek entzuten zuten programa.
Boise, AEB. “Oso interesgarria da jende hau, duela 40-50 urte, euskaraz entzutea Ameriketako irratsaio batean”, dio Eneko Tudurik (Donostia, 1990). Urtarrilaren 11an heldu zen Tuduri Idaho-ko hiriburura, Eusko Jaurlaritzaren Global Training bekei esker, Boiseko Euskal Museoko hainbat proiektutan aritzeko.
Lan horietako baterako, arte historialaria den Tuduri, Basque Radio Program, AEBetako irratsaio esanguratsua, digitalizatzen ari da. KBOI irrati lokalean ematen zuten baina, hain zein indartsua seinalea, ezen herrialde osoan bakarrik ez, Mexikon eta Kanadan ere entzun ahal zen, diosku. “Ia dena kasetetan dago grabatuta eta hori entzuten eta informazioa hartzen nago orain”, adierazi du donostiarrak. “Musika jartzen zuten, norbaiten urteak baziren zoriontzen zuten, Ameriketako, Euskal Herriko eta Espainiako albisteak ematen zituzten... Oso irratsaio inportantea zen zubi lana egiten zuelako”, azaltzen du.
Esandako notizia eta egindako elkarrizketen artean, Francoren diktaduraren akabua nabarmendu du Tudurik, bai eta Txillardegi politikari, idazle eta hizkuntzalariari egindako elkarrizketa, eta hainbat pilotarirekin izandako berbaldiak.
Informazio bila
Hiru hamarkada luze horietan, lau aurkezle nagusi egon zirela esan du bekadunak: Jose Lachiondo, Cecilio Jaio, Iñaki Eguiguren eta Espe Alegria. Tamalez, Jaio ezik, zenduak dira denak. “Hura elkarrizketatu nahi nuke orain, badakigulako boluntarioak zirela denak eta igandetan zela saioa, irratiak eskainitako tarte batean, baina hainbat puntu lotu behar dugu oraindik”. Horregatik, edonork izan dezakeen informazio bila dabil Museoa.
“Irratsaioentzako web orria sortu nahi genuke, baina artxibo handiak direnez, zaila izango da. Ikusi beharko dugu nola egin, proiektu luzea izango da eta lehen fasean baino ez gaude”.
Musikari euskal-amerikarrak
Tudurik Museoan esku artean duen beste proiektu batek musikari euskal-amerikarrekin dauka zerikusia. Museoak, AEBetan bizi eta jo duten talde euskal-amerikarren zerrenda egin nahi du. Eta, ahal izatekotan, bideo eta audio klipak ere izan nahiko lituzke. Horregatik, Museoak komunitatearen laguntza eskertuko luke, diosku gazte donostiarrak.