Euskal lekuak Estatu Batuetako herri eta hiri askotako parte dira, Mendebaldean bereziki, eta horixe gertatzen da San Frantziskok bezala euskal osagaia berezkoa duen hiri batean. San Frantziskon berean sortua, Matthew Iribarnek hiria duela urte batzuk nolakoa zen gogora ekarri du oraintsu argitara emaniko artikulu batean, eta hor aipatzen du Romolo kale labur eta malkartsuko 'Basque Hotel' xaharra, North Beach-en, egun, nahiz eta jabeak eta izaera aldatua, zabalik segitzen duen lekua.
San Frantzisko, AEB. The Bold Italic webgunean eman du argitara Matthew Iribarne sanfrantziskotarrak urteak joan ahala aldatu den arren, berak buruan atxiki duen San Frantziskori buruzko artikulua. Nola ezagutu zituen lekuak eta zer geratzen den momentu batez bere bizian garrantzia izan zuten leku horietatik.
"Hiria zinez aldatu da azkeneko hogei-edo urteotan. Eta bai, denborak seguruenik ni ere aldatuko ninduen, baina nik ezin dut denboraren arrastoa segitu. Ala bai, pixkat ez bada ere. Hona garai batean nihaur askotan ibilitako San Frantziskoko zenbait leku, zer ziren eta gaur egun zer diren, inguratzen gaituzten istorioen gordeleku", diosku artikuluaren hasieran.
Eta bere gogoak gorde dituen leku horien artean, Romolo kaleko Basque Hotel zaharra daukagu, zaharra ez adinez seguruenik, baina bai dagoeneko joana den mundu eta molde baten isla izan zelako XXI. mendea sartzeko urte gutxi falta zirela, Jean-Emile Idiart ortzaiztarra izan zuelarik azkeneko nagusia. Hona joanak diren bertako hainbat lekuen artean, euskal ostatu honetaz Matthew Iribarnek egiten duen aipua:
Romolo kaleko 15. zenbakia Basque Hotel Restaurant-en egoitza izan ohi zen (1964-1996). Gaur egun kantina bat da, ez hainbeste hotela, eta gai honi buruz idazterakoan, zer esango dut, sentimentuak ere harrapa nezake zeren eta, tira, euskalduna naiz. Gainera, esan beharra dut oso oroitzapen onak ditudala jatetxe honetaz.
Mahai luze segituak, non bezeroek elkarrekin jaten zuten, 'family style', familia estiloan. Picon Punch-a, laranja kolorekoa eta garratza, baso bat sekula ez zen aski. Jana, segun eta asteko zein egun zen, izan zitekeen amuarraina zitroin saltsaz, ahate paparra edo zezen-buztan erregosia. Lehenik zopa/salda zetorren, azkenean entsalada eta ardoa noiznahi zerbitza zitekeen.
Anoak handiak ziren eta beti, beti, beti, patata frijituak zeuden. Urteak eta gero berriz ere oina ipini nuen Romolo kaleko 15ean eta atezainari galdetu nion non arraio zegoen jatetxea, nahiz eta jakin banekien ez zegoela gehiago bertan.
Esan zuen oraindik hotela zela, baina ez zela gehiago euskal hotel bat. Orduan, zergatik deitzen diozue Basque Hotel?, galdetu nion, eta ez zeukan erantzunik. Eta zer esan niezaiokeen? Zer esan ziezaiokeen inork?
Joana den beste leku bat baino ez da, gauza bat izatetik beste bat izatera pasatu dena, nonahi gertatzen da. Denbora aurrera doa. Historia, bertan geundenon memoriatik kontatzen da. Seals Estadiuma, Winterland, Hondartzako Playland... zerrenda aurrera eta aurrera doa.