euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Basque-Eusk' programak udan Euskal Herria ezagutzeko aukera emango die Diasporako gazte estatubatuarrei

2007/04/13

Bideak bidai agentziaren auureko programa batean parte hartu zuen gazte taldea (argazkia Bideak)
Bideak bidai agentziaren auureko programa batean parte hartu zuen gazte taldea (argazkia Bideak)

PUBLIZITATEA

Bideak agentziak --euskaldunentzako bidaietan eta Diasporako kideentzakoetan espezialdua dagoen agentzia-- uda honetarako euren sustraiak aurkitu nahi dituzten Estatu Batuetako gazte euskal amerikarrentzako bidaia programa berezia antolatu du. Bidaiak uztail eta abuztuan izango dira eta gazteek Euskal Herria ezagutu eta bisitatu ahal izango dute, euskara landu eta euskal kulturaren protagonistakide diren idazle, kirolari eta artistetako batzuekin harremandu. Egonaldiak 2, 3 edo 4 astekoak izango dira, eta prezioak luzeraren arabera aldatuko dira, 1.485 euro 15 egun edota 3.069 euro hil osoa, ostatu eta jarduera guztiak barne.
'Diasporako gazte asko euren aldetik etortzen dira, Euskal Herria ezagutzeko gogo biziz, baina behin hona heldu direla galduta sentitzen dira', azaltzen dio EuskalKultura.com-i Jasone Gezuragak, Bideak agentziaren arduradunak. Gazte hauentzako sortu du agentziak Basque-Eusk, euren sustraiak aurkitu eta ezagutzea erraztuko dien programa berezia. Lehendabiziko edizioa uda honetan egingo da, Estatu Batuetako gazteei zuzendua. Bideak-ekoen asmoa 25 laguneko taldeak biltzea da eta 2, 3 edo 4 astetako egonaldietan. Tarte honetan gazteak elkarrekin biziko dira gau eta egun, Euskal Herria bisitatuko dute, euskara landu edo ikasi... Gauzak ikastearekin batera agentziak dibertsioa ere agintzen die gazteei, eta horretarako jarduera ugari prestatu ditu, Euskal Herriko puntu desberdinetan.

Partaideek egingo dituzten jarduera batzuk hauetxek izango dira: San Fermin jaietara bisitaldia, lagunarte eta entzierroak gertutik ezagutuz (Iruñean, uztailean) edota Andra Mari Zuriaren jaiak bizi (Gasteizen, abuztuan), Portugaleteko zubi esekira bisitaldia, ipuin kontalari euskaldunak, euskal literaturara hurreratzea Edorta Jimenez eta Xabier Paya idazleekin, Euskal Herri osoan zehar gidatutako txangoak, jolasak… Gainera interesa duten gazteek euren zuhaitz genealogikoa osatzeko laguntza jasoko dute, euren familien sorterriak eta euren abizenak aztertuz.

Gida elebidunak, euskaraz eta ingelesez

Bideak, bidaia kultural eta euskaldunetan espezialdutako agentzia da eta hizkuntzak berebiziko garrantzia izan du Basque-Eusk antolatzerakoan. Hasieran egonaldia euskara hutsean egitea pentsatu zuten arduradunek, baina partehartzaileen euskara maila desberdinak ikusita, ingelesa ere erabiltzeko erabakia hartu zuten, Jasone Gezuragak aipatzen duenez. Horregatik programan parte hartzen duten gida eta gidari guztiak elebidunak dira, Euskal Herria eta Diaspora ederki ezagutzen dituztenak. [Ezkerreko irudian gazteek Euskal Herrian izango duten basearen instalazioak, Durangaldean (argazkia Bideak)]

Dena den, bidaia euskara ikasten hasi edo hobetzeko aukera paregabea izango da, egonaldian zehar emango diren klaseei esker. Ororen buru gazteek Euskal Herriko historian eta gaur egungo kultura eta gizartean sakontzeko aukera izango dute, idazle, artista, kirolari eta bestelako pertsonaia ezagunekin bilduko baitira eta lehen eskuko informazioa eskuratzeko aukera izango baitute, besteak beste haiekin solas eginez.

Informazioa AEBtan ere

[Bideakek bi zentzuetan antolatzen ditu bidaiak, Diasporatik Euskal Herrira eta baita Euskal Herritik Diasporara ere. Goiko irudian Durangoko Kriskitin dantza taldeko kideak Boiseko Euskal Etxearen parean, 2005eko Jaialdira (AEBtako euskaldunen kultur jaialdi nagusia da hau) egin zuten bidaian (argazkia Bideak)]

Esan bezala, lehendabiziko edizio hau gazte estatubatuarrei zuzendua dago. Gazteek hegaldia euren aldetik antolatu beharko dute eta behin Euskal Herrian gastu guztiak egonaldiko prezioaren barruan egongo dira (ostatua eta janaria, hamaiketakoak, arropa garbiketa zerbitzua, txangoak, garraioa, etab.). Jarduera eta txango guztiak bere gain hartuko ditu agentziak, gazteak 'etxean bezala' egon daitezen saiatuko delarik, Gezuragaren esanetan.

Taldeak 25 pertsonatakoak izango dira gehienez eta bidaiak uztailaren 1ean edo abuztuaren 1ean hasi daitezke. Prezioak egonaldiaren araberakoak dira: 1.485 euro hamabostaldia eta 3.069 euro hil osoa (egun bakoitzeko prezioa 99 eurokoa da). Izena emateko epea maiatzaren 15ean bukatuko da. Estatu Batuetan bertan informazio jaso nahi dutenak Kate Caminorekin lor dezakete, e-maila hona bidaliz edo (775) 848 2754 telefonora deituz. Euskal Herrian informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jo Bideak agentziaren webgunera eta begiratu Basque-Eusk atalean edo e-maila hona bidali.


Lotura interesgarriak

Bideak, euskarazko bidaiak
www.bideak.info

Bideak, euskaldun eta Diasporako kideentzat bidai desberdinak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 30ean

Lapwai-n dantzatu ostean, Kriskitineko durangarrak Jaialdira
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko uztailaren 27an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia