euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Basque Culinary Center'en lehen harria jarri zuten atzo Donostian, munduan erreferentzia izatea helburu

2009/12/10

Lehenengo harria jartzeko unea (EPAren argazkia)
Lehenengo harria jartzeko unea (EPAren argazkia)

PUBLIZITATEA

Abian dira Basque Culinary Center (BCC) eraikitzeko lanak. Donostian egongo da eraikina, Miramongo parkean, eta lehenengo harria jarri zuten atzo Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Cristina Garmendia Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza ministroak, Josu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Odon Elorza Donostiako alkateak, hainbat sukaldariz inguratuta. Kronika Berria egunkariari dagokio.

Donostia-San Sebastian. Aurreikuspenen arabera, 2011ko udatik aurrera Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Fakultatea egongo da hor. Gisa horretako Europako bigarren zentroa izango da. Hala, sukaldaritza ikasketak gradu bihurtuko dira. Cristina Garmendiaren hitzetan, «Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen produkzio eredu aldaketaren» adibide da Basque Culinary Center: «Espainiako sukaldariek, eta euskal sukaldariek bereziki, jarduera tradizional bat berritzailea, sortzailea eta nazioartean lehiakorra izan daitekeela demostratu dute». Ildo beretik jo du Zelaak: «Euskadik iraganean oinarritu behar du, eta berrikuntzan jardun, etorkizunari aurre egiteko».

7.000 metro koadro izango dituzte instalazioek. 17,1 milioi euroko inbertsioa eskatuko du Basque Culinary Center eraikitzeko egitasmoak; diruaren zati bat erakunde publikoetatik helduko da: Espainiako Gobernuak zazpi milioi jarriko ditu, Eusko Jaurlaritzak hiru, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat.

(2009-12-10ean Berria egunkarian argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia