euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Basque Culinary Center-ek bira hasiko du bihar Sao Paulora, Elena Arzak sukaldari donostiarra partaide

2013/03/22

Elena Arzak sukaldari donostiarra (argazkia JLastra)
Elena Arzak sukaldari donostiarra (argazkia JLastra)

PUBLIZITATEA

Elena Arzak sukaldariak eta Basque Culinary Center (BCC) zentroko ordezkari talde batek bidaia abiatuko dute bihar Brasilera, 2013an zehar garatuko duten "World Tour Culinary Connection" deitu duten biraren baitan lehena. Arzakek eta Rodrigo de la Calle eta Andres Conde sukaldariek zenbait jarduera egingo dituzte igande-astelehenean Sao Paulon. BCCko zuzendari Jose Mari Aizega ere bertan izango da. Alex Atala, Sao Pauloko Dom Restaurant jatetxekoa (munduko laugarren onena, Restaurant aldizkariaren zerrendan) arituko zaie anfitrioi.

Donostia-San Sebastián. Basque Culinary Center-ek nazioarteko bira abiatuko du bihar; "World Tour-Culinary Connection" izena jarri diote urte osoko birari eta bere baitan 2013an zehar Brasil, Kolonbia, Txina, Errusia, Singapur eta Txilera joango dira BCCrekin lankidetzan ari diren hamaika sukaldari. Egitasmoaren helburua nazioartean sukaldarien artean hartu-emanak sortzea da.

Biraren lehendabiziko etapak Brasileraino eramango ditu bihar Elena Arzak, Rodrigo de la Calle eta Andres Conde sukaldariak. Eurekin batera Brasilen izango da baita ere Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Center-eko zuzendaria. Sao Paulon Alex Atala chefak, Dom jatetxeko buruak, hartuko ditu. Dom Restaurant munduko laugarren jatetxe onena da, 2012ko Restaurant aldizkari britainiarraren zerrendaren arabera.

Igandean BCCko ordezkaritzak Brasilgo sukaldaritza eta gastronomia arloetan interesgune diren zenbait leku bisitatuko ditu. Astelehenean egingo dira bidaiako ekitaldi nagusienak: goizean Basque Culinary Center-en aurkezpena eta lantegi praktikoak egingo dira SENAC-en, eta jarraian, arratsaldean, Jose Mari Aizegak brasildar sukaldari talde batekin bilera egingo du. Gauean, bidaiari bukaera emanez, gonbidatuentzako ekitaldi berezi bat egingo da.

Lehenengo irteera honen ostean, eta nazioarteko bira-saio honen barruan, beste bidaia sorta bat etorriko da urtean zehar, aipatu herrialdeetara, sukaldariak aldi bakoitzean aldatuz, xehetasunak irteera bakoitza hurreratzen joan ahala adieraziko direla, BCCko iturriek esan digutenez.

Elena Arzak donostiarra nazioarteko sukaldaritza panoramako izen garrantzitsu eta hazkorra da. Bere familiaren jatetxean hasia aita Juan Mari Arzak maisu zuela, geroztik ibilbide propio eta sendoa ibilia du. Iaz, Munduko Chef onena, emakumeen sailean, izendatu zuen Veuve Clicquot-ek, Restaurant aldizkariarekin batera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia