euskal diaspora eta kultura
2011/12/09
PUBLIZITATEA
Meghan Garibay/Donostia-San Sebastian. Mark Ayling Kaliforniako kazetari eta bidaiari bat da eta aurten “The Basque Country: Cuisine and Culture” izena duen telefono mugikorrentzako gida interaktiboa sortu du. EuskalKultura.com-ek proiektu honi buruz eta edizio berrietan egingo dituzten eguneraketa eta itzulpenei buruz hitz egin du Ayling-ekin.
-Zenbat denbora bizi izan zara Donostian eta zergatik aukeratu zenuen Euskal Herria gida bat egiteko inspirazio gisa?
Orain dela urtebete heldu nintzen Donostiara, Gaztela-Leongo [Espainia] herriska batean gaztelera ikasten beste urtebete eman ondoren. Han egonik Euskal Herria liburu baten bitartez ezagutu nuen --Mark Kurlanskyren The Basque History of the World-- eta jakinmina sortu zitzaidan. Ingeles irakasle bezala lana aurkitu nuen Donostian eta euskal historia eta kulturari buruz ahal bezainbeste ikasten hasi nintzen. Bertako kulturan murgiltzen saiatu nintzen eta sukaldaritza ikasle askoren lagun egin nintzen; halabeharrez sartu nintzen mundu honetan.
Ezin nuen sinetsi hain amerikar gutxik Euskal Herria ezagutzea, eta munduari Guggenheimetik haratago askoz gehiago dagoela erakustea erabaki nuen. Konturatu nintzen gida guztiek Euskal Herria Espainia edo Frantziari buruzko liburu handiagoen atal txiki bat bezala jasotzen zutela. Euskal Herria euskal ikuspegitik erakusten lehena izan nahi nuen, kultura, historia, turismoa eta gastronomia uztartuz.
-Zenbat denbora eraman zizun gida osatzeak?
Lau hilabete behar izan nituen, nire eguneko lanarekin aldiberekotuz. Nire hasierako plana hauxe zen: goizetan irakatsi, arratsaldean pintxoak dastatu eta gauez idatzi, baina azkenean askoz ere kaotikoagoa izan zen dena!
Ordurako bi urte neramatzan bidaia-liburuen munduan sartu nahirik eta gida hau egiteko eskaintza nire lehendabiziko lorpena izan zen. Lanari buruz asko ikasi behar izan nuen: argazkiak eskatu; jatetxeen partehartzea eskuratu; prezio, gastronomia eta geografiaren arteko oreka lortu; elkarrizketa profesionalak egin.. eta dena gazteleraz! Baina ondo irten zen dena eta azken produktuaz oso harro nago.
-Gida beste hizkuntzetara itzultzeko planik ba al dago?
Bai, Sutrokoekin hitz egin dut (aplikazioaren editoreak dira) gida euskara, gaztelania eta frantsera itzultzeko, baina oraingoz beraiek software guztia itzuli arte itxaron behar dut, gero edukia itzultzen hasi ahal izateko.
Sutrok aurki gaztelaniaz plazaratzeko asmoa du, euskarazkoa aurreraxeago litzatekeelarik. Hala ere, hurrengo ediziorako euskal esaldien audio-book bat gehitu nahi diot, bisitariak euren pintxoak eta txakolina bertako hizkuntzan eskatzeko gai izan daitezen. Gidan Nafarroa eta Iparraldea ere sartzea gustatuko litzaiguke.
-Zer izan zenuen gida idazteko prozesuan gustukoena? Zein izan zen zure asmoa?
Alderik onena zalantzarik gabe ikasketa prozesua izan da: euskal kultura eta gastronomia ikasle bezala, eta baita ere bidaia-liburu idazlegai bezala. Egun bakoitza ikasketa egun bat izan zen. Lau hilabetez idatzi eta ikertu ostean, Euskal Herria goitik behera ezagutzen dut. Ezagutza hori elkarbanatzea eta publikoari eskaintzea izan da nire asmo nagusia eta baita sari handiena ere. Poz handiz hartzen ditut jendeak gida erabili ostean uzten dituen iruzkin positiboak.
-Zer da Euskal Herriaz gogokoen duzuna?
Wow, ez dut uste erantzun bakarra eman dezakedanik... Hasi Donostiako pintxoekin, segi neguko sagardotegiekin, euskal kostaldean zehar surfeatu, herri txikietan galdu, Urdaibai esploratu, Donejakue Bidea egin, naturaz gozatu, zuzeneko musika entzun Leize Gorrian, Santa Klara uhartera igerian joan, kaleetan barrena ibili Santo Tomas egunean, eta azkenik... euskaldunak ezagutu.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus