Caerleon, Gales. 1937an Euskal Herritik, gerratik ihesean etorri ziren euskal haurrentzako kanpamenduak Caerleon-en eraiki ziren leku berean egingo dira ostiral eta larunbat honetan, uztailaren 15 eta 16an, elkartasunezko ekimen haren 85. urteurreneko ekitaldiak. Guztia Basque Children of 37 Elkarteak Gernikako bonbardaketa eta Britainia Handira 4.000 euskal haur ebakuatu izana gogoratzeko antolatutako oroitzapen programaren baitan kokatzen da.
Bi egunetan, 10etatik 16etara, erakusketa bat egongo da zabalik herriko Priory Hotelean, eta bertan salgai eskainiko dira gure historiako pasadizo gazi-gozo hura gogoratzen duten liburuak, DVDak, posterrak, etab. Orduro, National Roman Legion Museum-en, 10etatik 16etara, Eddie Butlerren «Wales and the Basque Refugees: The Children's Stories» dokumentala proiektatuko dute.
Futbola ere protagonista izango da. Ostiralean, 10:30etan, bertako lehen hezkuntzako haurren partidak hasiko dira Caerleon AFC zelaian. Larunbatean, 11etatik aurrera, junior mailako futbol partidak jokatuko dira Caerleon AFC joko-zelaian. Ostiralean 14etan Priory Hotelean, “Euskaditik Symrura” hitzaldia emango dute Chris Thomas, Carmen Kilner, Adrian Bell, Hywel Davies eta Gail Giles-ek. Larunbatean, ordu eta leku berean, “Caerleon, errefuxiatuak eta futbola” eztabaida-panela, Gail Giles, Christopher Evans, Ed Packard eta Eddie Butlerren eskutik. (ikus aurreko albiste bat, gerrako haurrak eta Athletic)
Eibarko Kezka Taldeko euskal dantzariak aurreko misio batean Galesen Basque Children of 37 elkartearen eskutik
Euskal espedizioa Galesera
Ez dira ekitaldietan galestar eta euskal emanaldi artistikoak faltako, azken honen kasuan euskal espedizio bat abiatuko baita ekitaldiotan parte hartzera. Irantzu Garamendi eta Asier Berrojalbizen abestiak entzun ahal izango dira, eta Kezka Dantza Taldeak eta Tredegar House Folk taldeak emanaldia eskainiko dute. Poesia ere presente izango da Patrick Jonesen eskutik, eta musika Na Mararen eskutik. Eibarko Kezkako dantzariek lotura berezia dute Basque Children of 37 Elkartearekin, Southamptonen 2007an eta 2012an egindako beste ekitaldi batzuetan parte hartu baitzuten. Ostiralean aurkeztuko dira Priory Hotelean, arratsaldeko 5etan.
Jardunaldietan zehar Bilboko Athletic Clubek emandako opariak zozketatuko dituzte.
Ekitaldiei buruzko informazio oso eta eguneratua, Basque Children of 37 Elkartearen webgunean.