Southampton, Ingalaterra. Gernikako Bonbardaketaren eta euskal haurrak Ingalaterrara ebakuatu zituzteneko 85. urteurrena betetzen ari garen urtean, Basque Children of 37 elkarteak hainbat ekitaldi iragarri ditu gertakari haiek oroitzeko. Larunbat honetan bertan, maiatzaren 21ean, Ingalaterran geratu ziren haurrak eta euren ondorengoak biltzen dituen elkarteak omenaldia antolatu die Southamptongo Udaletxean. 14:00etan, lore-eskaintza gauzatuko dute eta hitza hartuko dute erakundeko kideek, tokiko agintariek, biktimen ondorengoek eta errefuxiatuen aldeko egungo erakundeetako ordezkariek.
Ondoren, 14:30etan, "The Guernica Children" dokumentala proiektatuko dute Udaletxeko Hitzaldi-Aretoan. Bertako edukiera mugatua denez, hemen.behar da aldez aurretik izena eman.
Euskal Herrian, larunbatean bertan, online ekitaldi bat antolatu dute iluntzeko 20:00etan “Gernika presents Picasso” dokudrama proiektatuz eta galdera eta erantzun saio bat eskainiz filmeko arduradun diren Begoña Echeverria gidoigilea eta Annika Speer zuzendaritza sortzailea Estatu Batuetatik partaide. Jarduera Zoom plataformaren bidez segitu ahal izango da, izen-ematea hemen.
Uztailean Galesen, Caerleon eta Newport herrietan, ekitaldi gehiago antolatu dira, erakustaldia, kontzertuak, mahai-inguruak eta futbola ere tarteko, Eistedfodd jaialdiaren baitan. Irailean, Southamptongo Unibertsitatean, BCA '37 UK artxiboko argazki erakusketa bat estreinatuko dute eta oroimenezko monumentu berri bat inauguratu Town Quay Memorial Park-en.
Hauek programatutako ekintzetako batzuk baino ez dira. Ekitaldiei buruzko informazio osoa eta eguneratua eskuratzeko, bisita BCA '37 UK elkartearen webgunea.