Neuquen, Argentina. Irailaren 22an osatu zen ‘Baskos de la confluencia’ izeneko Euskal Etxe berriaren lehenengo Zuzendaritza Batzordea. Izenak adierazten duenez, elkarren ondoan dauden Neuquen eta Rio Negro probintzietako lagunak elkartzen dira bai Neuquenen bai Cipollettin lan taldeak dituen erakunde berrian.
Hautatu berria den Oscar Mendiberri lehendakariak hitz hauekin aurkeztu digu Euskal Etxea: “‘Baskos de la confluencia’k euskal jatorriko jendearen biltzaile izan nahi du, beti ere adiskidetasun giroan, euskal kultura eta geure sustraiak hobeto ezagutu eta ezaguarazteko xedearekin, hainbat kultur adierazpen jendaurretuz, besteak beste, kirolak, hizkuntza, sukaldaritza eta dantzak. Ekintzak, denon artean sortu nahi ditugu eta gure arteko harremanak sendotzeko ere balio izango digute”.
Zuzendaritza osatuta, urrats batzuk eman dituzte dagoeneko elkarteko kideek: Izaera Juridikoa lortzeko izapideak hasita dauzkate; FEVArekin kontaktuan jarri dira eta Patagoniako Euskal Etxeen Topaketen antolatzaileei Neuquenen egingo den hirugarren bileran parte hartzeko asmoa adierazi diete. Pauso hauekin batera, komunitateari begirako ekintza bat ere ari dira prestatzen. Mendiberrik jakinarazi digunez, “momentu honetan topaketa gastronomiko bat ari gara prestatzen hilabete amaierarako. Plater tipikoak ez ezik, apaindura eta inguru euskalduna ere eskainiko dugu, euskal jantziak, ikurrak, bideoak eta musika barne. Bestetik, Euskal Etxearen irudia hautatzeko Logo Txapelketa jarri dugu martxan (informazioa, Euskal Etxearen Facebook kontuan) eta difusioa egiten ari gara hiriko komunikabideetan”.
Hona Mendiberrirekin batera euskal etxeko Batzordea osatzen dutenen izen eta postuak:
-Lehendakari: Oscar Mendiberri
-Lehendakariorde: Haritz Zornoza
-Diruzain: Eduardo López Arcaute
-Diruzainorde: Alejandro Lizzi
-Idazkari: Marina Tamborindegui
-Idazkariorde: Daniel Muguerza
-I. Batzordekide: Ignacio Urtasun
-II. Batzordekide: Pedro Arana
-Batzordekide ordezkoak: Ana Estenaga, Cecilia Basterrechea, Natalia Basterrechea
-Kontu ikuskatzaile: Guillermo Cornago
-Kontu ikuskatzaile ordezkoa: Gabriel Gastaminza
HIRU EUSKAL ETXE ESKUALDE BEREAN
Eusko Jaurlaritzak Centro Vasco del Comahue ‘Zazpirak Bat’ izenpeko euskal etxe bat onartu zuen eskualde honetan 1995ean, baina egiari zor, urteak dira egitura desegin eta jarduerarik ez duela, ofizialki Jaurlaritzako erregistroan baja eman gabe badago ere. Euskal etxe berritik adierazi digute euren kideen artean ez dagoela lehenago elkarte hartako kide izan denik. Baina azken ia urtebetean Euskalkultura.com-en islatzen joan gara beste euskal etxe bat sortzeko ahaleginen berri: 2015eko azken hilabeteetan hasi eta aurten Batzordea osatuta eta apirilean lehenengo aurkezpen publikoa eginez gauzatu den "Euskal Etxea del Comahue".
'Baskos de la confluencia'ko lehendakari Mendiberriri, hiri berean, eta urte berean, bi euskal etxe sortzeko arrazoiei buruz galdetu diogu. Esan digu “‘estilo’ eta ‘funtzionamendu’ kontuak" egon daitezkeela. "Baikortasunetik eta geure buruaren erreferentzia bakarrik eginez" erantzun nahi duela eta, beraz, sortu nahi duten elkartearen oinarrian kokatu nahi dituztela "adiskidetasuna, horizontaltasuna erabakiak hartzeko garaian, eta besteekiko errespetua". Oinarri hauekin, "elkarren lankide bete nahi ditugu lehen aipatutako helburuak, guztion interesa kontuan hartuz”, adierazi du.
‘Baskos de la confluencia’-ko kideak ostegunero elkartzen dira Neuquengo Cumulen auzoko batzorde aretoan, Mastropiedra kaleko 216. zenbakian. Facebook-en ere badaude, ‘Baskos de la confluencia’ izenpean, eta euren helbide elektronikoa baskosdelaconfluencia@gmail.com da.