Neuquén, Argentina. 'Baskos de La Confluencia' Euskal Etxeak antolatua, Euskal Herriko kulturaren hainbat alderdi jorratuko dituen hitzaldi ziklo bat hasiko da aste honetan Neuquenen. Dibulgazio-proposamenak Comahueko Unibertsitate Nazionalaren babesa eta bermea du eta, besteak beste, euskal kulturaren erreferenteen hitza komunitateari hurbiltzeko helburua du baita Euskal Etxeari ikusgarritasun handiagoa ematea ere. Zikloak lau topaketa izango ditu eta lehena Patagoniako Aberri Etxeko erreferente den Rubén Suárezen eskutik heldu da, datorren ostiralean, abuztuaren 2an, 18etan, UNComako Informatika Fakultateko 101. Gelan.
Hitzaldi-sorta abuztuaren 2an hasiko da eta urtea bukatu arte luzatuko, gaien artean euskal kultura, artea, historia, euskara...
Lehen hitzaldiak "Euskadiko eta Euskal Herriko geografia eta antolaketa politikoa. Begirada bat Argentinako Ipar Patagoniako ikuspegitik" izango du izenburu eta Historian doktorea eta espezialista den, eta Viedma, Carmen de Patagones eta hauen eragin eremuko Aberri Etxeko Kultura Saileko koordinatzaile Ruben Suarezek emango du. Bigarren hitzaldia irailean izango da, euskal arteari buruz. Urrian, euskara izango da gaia, eta, azkenekoan, azaroan, musika, dantza eta sukaldaritza.
“Askotan gertatzen zaigu, gizataldeen jaietan parte hartzen dugunean esaterako, jendeak gauza asko galdetzen digula, non dagoen Euskal Herria, zergatik deitzen den horrela, eta galdera orokor gehiago. Jendeak jakin nahi du, eta askotan ez daukagu erantzuteko astirik, edota testuingurua ez da egokia", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Baskos de La Confluenciako kide eta euskara irakasle den Gabriela Allariak, nola sortu zen urte amaierara arte luzatuko den ziklo hau galdetutakoan. Hitzaldiak presentzialak izango dira, sarrera libre eta doakoak, publiko ororentzat pentsatuak dira eta ez dute eskatzen aldez aurreko ezagutzarik. Antolatzaileek, dena den, gomendatzen diete bertaratu nahi dutenei, aldez aurretik izena posta elektronikoz ematea, area.programas@central.uncoma.edu.ar helbidera idatziz. Hala eskatzen dutenei partaidetza ziurtagiria emango zaie.