euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Baskos de la Confluencia’ EEko kideek mendi irteera egin zuten Neuquen eta Limay ibaien elkargunera

2017/02/23

‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxeko lagunak euren lehenengo mendi irteeran
‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxeko lagunak euren lehenengo mendi irteeran

PUBLIZITATEA

Neuquen hiriko ‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxeko hogei bat lagunek ateraldi bat egin zuten ‘Confluencia-ko begiratokiraino’. Bertan paisaiak ikusi zituzten, ‘mate’ batzuk hartu eta ikurrina igo zuten. Esperientzia oso ona izan zen eta erakundeko arduradunek ez dute baztertzen berriro ateratzeko aukera. Egoitzan egiteko ekintzak ere ari dira antolatzen lagunak, tartean, sukaldaritza ikastaroa, zine zikloa eta txalaparta klaseak.

Neuquen, Argentina. Joan den larunbatean, otsailaren 18an elkartu ziren ‘Baskos de la Confluencia’ elkarteko kideak egun osoko txangoa egiteko eta “Neuquen eta Cipolletti hirien inguruan topa daitekeen naturaz talde gisa gozatzeko”.

Euskal Herrian oso ohikoa den mendizaletasuna honako ere nolabait aldarrikatuz, haranak, mendiarteak eta aldapa gogorrak utzi zituzten atzean ibiltariek ‘Mirador de la Confluencia’ izenarekin ezaguna den behatokira iristeko. Euskal elkarteko lehendakari den Oscar Mendiberrik EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “bertatik, Limay, Neuquen eta Negro ibaien elkargunearen edertasunaz loriatu ginen. Garrantzitsua izan zen guretzat, gure Euskal Etxearen izena handik datorrelako; apur bat urrunago, Neuquen eta Cipolletti, elkartekide garenon hiri eta sorleku direnak, ikus zitezkeen”.

“Txangoan paisaia, formazio geologikoak, eta flora eta fauna ikusteaz gain, mate batzuk hartzeko eta solasean aritzeko momentuak ere izan genituen. Esperientzia bikaina izan zen, giro ederrean, gure ekintza guztietan egoten den giro on berarekin”, adierazi digu lehendakariak.

Solas egiteko aukera ere izan zuten eta hizketaldi horietan aurtengo ekintzak hasi ziren antolatzen ‘Baskos de la Confluencia’ko lagunak. Hiru aktibitate nagusi eskainiko ditu Euskal Etxeak 2017an: sukaldaritza klaseak, Euskal Zinea eta txalaparta ikastaroa. “Azken honetarako, perkusio irakasle bat etortzea bideratu dugu dagoeneko”, argitu digu Mendiberrik.

-‘Baskos de la Confluencia’ren ekintzak Neuquengo Cumulen auzoko batzorde aretoan egiten dira, Mastropiedra kaleko 216. zenbakian. Elkartearen Facebook-eko kontua ‘Baskos de la confluencia’ da eta helbide elektronikoa baskosdelaconfluencia@gmail.com.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia