euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baskos de la Confluencia EEak ekoiztutako ‘Txalaparta’ saioa egunero entzungo da Cipollettiko Confluencia FM 94.5 irratian

2017/07/10

'Txalaparta' irratsaioaren aurkezle eta produktorea
'Txalaparta' irratsaioaren aurkezle eta produktorea

PUBLIZITATEA

Gero eta jende gehiagorengana iristeko asmoz, irratsaio labur bat ari dira ekoizten Neuquen eta Cipolletti hirietako Baskos de la Confluencia elkarteko lagunak. Saio bakoitzean euskal gai bat jorratzeko asmoa daukate, tartean, euskal jaiak, musika, ohiturak, euskal etxeetako aktibitateak eta baita euskal diasporako erreferenteei egindako elkarrizketak ere. ‘Txalaparta’ irratsaioa Cipollettiko Confluencia FM 94.5 irratian emititzen da, egunero, txandakako ordutegian.

Neuquen, Argentina. ‘Txalaparta’ saioa iaz sortutako Baskos de la Confluencia Euskal Etxearen ahotsa izateko asmotan sortua da. Hamar minutuko saiotxoan, ordea, instituzioko berriak eta aktibitateak ez ezik, Euskal Herria eta euskal diasporarekin lotura duten beste hainbeste gai garatuko dira, besteak beste, historia eta aktualitatea, ohiturak, geografia, kirola, hizkuntza, dantza eta musika, batzuk aipatzearren.  

‘Txalaparta’ ekainean estreinatu da eta egunero emitituko da Cipollettiko Confluencia FM 94.5 irratian, txandakako ordutegian. Hau da, programa bera errepikatuko da aste osoan, ordutegi ezberdinetan, eta astero programa berri bat aurkeztuko da. Behin saio txikiak estreinatuta, Euskal Etxearen Baskos de la Confluencia Facebook kontura igoko dira entzungai . ‘Txalaparta’ programaren bigarren saioan Sanferminak izan ziren gai nagusia eta hirugarrenean –datozen egunontan aurkeztuko denean– baserriei buruz hitz egingo da.

Irratsaioarekin batera, beste plan batzuk zeuzkaten Confluenciako lagunek negu honetarako. Eta horiek ere ari dira pixkana burutzen. Ekainean bilketa solidario bat antolatu zuten Nuestra Señora de la Misericordia delako egoitzara eramateko. Antolatzaileen esanetan, “behar handienetan bizi direnen artean haurrak dira ahulenak eta horien alde zerbait egiteko beharra sentitzen dugu. Horregatik abiatu genuen bilketa eta komunitatearen erantzuna paregabea izan zen. Arropa, oinetakoak, haurren oihalak eta sehaska bat ere bildu genituen; guztira hogeita hamar bat kutxa…Esker beroak luzatu nahi dizkiegu lagundu zuten guztiei”, adierazi digute Euskal Etxetik.

Urtearen bigarren zatirako, Euskal Zine Zikloaren egitaraua ere ari dira osatzen lagunak, txandaka Cipolleti eta Neuquen hirietan egiteko asmoarekin. Zikloa irailean hasiko da, Carlos Gabilondoren eskutik. “Euskal Zinearen erreferente bat denez Gabilondorekin jarri gara kontaktuan berak aurkezpena egin dezan; asmoa da gero gure kabuz segitzea nolabaiteko jarraipena emateko. Lehentasuna da komunitateari begirako ekintzak egitea eta uste dugu zinea proposamen polita dela”, azaldu diote EuskalKultura.com-i Euskal Etxeko arduradunek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia