Salto, Uruguai. 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxeak eta herri bereko ‘Treinta y tres’ Klubak sortu zuten 2019 hasieran ibilbide ezin hobea egiten ari den ‘Baskos 33’ Futbol Taldea. Izan ere hilabete hauetan taldeak Senior Ligako (45 urtetik gorako jokalarien liga) aurreneko faseko partida guztiak irabazi eta lehenengo postuan geratu da. Eta bigarren faseko emaitzak ere ez dira oso ezberdinak izaten ari. Taldeko erreferente eta Euskal Etxeko lehendakaria den Luis Zalduak azaldu digunez, “Lehenengo faseko txapelketak ‘Copa 27º Aniversario, Saltoko Euskaldunen Taldea’ hartu zuen izentzat Euskal Etxeari nolabaiteko omenaldia egite aldera. Oso pozik gaude esperientzia honekin eta harrera paregabea izan dugu Ligan”, aitortzen du.
Futbol taldea osatzeko ideiak, gaineratu du Zalduak, bi helburu jakin ditu. Alde batetik gero eta jende gehiagorengana iristea oso herrikoia den ekintza batekin. Eta bestalde, kirolari leku handiagoa ematea euskal etxearen barruan. “Euskal Etxeak lur-eremu bat dauka eta asmoa dugu, laster bertan futbol zelaia, pilotalekua, petanka lekua eta erabilera anitzeko aretoa eraikitzea. Benetan polita litzateke Uruguaiko eta inguruko herrialdeetako euskal etxeek ere euren taldeak osatzea, txapelketak antolatu ahal izateko”, adierazi du Zalduak.
‘Hanka bat lurrean, beste bat airean’
Euskal etxeetan garatzen diren gainerako ekintzetan bezala, ‘Bakos 33’ taldeko jokalarien konpromisoak zelaiko mugak gainditzen ditu eta uztailean, esaterako, bat egin dute Mondragon Taldeak bere 75. Urteurrena ospatzeko kaleratutako ‘Hanka bat lurrean, beste bat airean’ (sic) kanpainarekin.