Donostia-San Sebastian. Izan ere, gustua eta abegikortasuna da eurengana hurbiltzen direnei agintzen dizkieten ezaugarriak eta "etxeko marka". Juanmarik, Estherrek eta Anderrek iaz sortu zuten Errenterian (Gipuzkoa) Bask in Motion bidai agentzia, bereziki Diasporako bisitariei zuzendua eta argi daukate hurbileko zerbitzu berezia eskaintzen dietela Diasporatik Euskal Herria bisitatu nahi duten eta nola egin edo nondik hasi ez dakitenentzat.
"Euskal Herriko hiru euskaldun gara, Diasporako euskaldunei euren jatorriko herrira ongietorria ematen. Gure kulturaren, jendearen, geografiaren eta ohitura eta produktu eta moldeen onena erakutsi nahi diegu harro gaudelako eta etxean guraso eta aurrekoengandik ikasi genuen abegikortasuna ere ezaugarri eta jokabide dugulako", esan digute. "Profesionalak gara, baina aldi berean Ameriketatik atzera etorritako lehengusu propioak balira bezala errezibitu nahi ditugu gugan konfiantza jarri duten bisitariak, eta lagundu hala nahi badute euren hemengo aztarnak topatzen, arbasoen jaiotetxea, ahaideak, baldin badauzkate, eta etxean bezala sentiarazi, gure herri honen, eurena ere baden Euskal Herriaren lehengo eta oraingo errealitatea erakutsiz, euren asmo, interes eta nahien arabera, noski", adierazi digute.
Juanmari, Esther eta Ander Argentinan dira atzodanik eta bi aste emango dituzte bertan Bask in Motion proiektua aurkezten. Itxi dituzte dagoeneko zenbait hitzordu Buenos Aires hirian eta probintzian eta aste hondar honetan Necocheako Euskal Astean ere jendaurretuko dira. Egiten duten eskaintza jende gehienaren eskueran dagoela diote, eta aukera aparta dela, ez Euskal Herrian bisitari soil ibiltzeko, bertan murgiltzeko baizik eta normalean bertakoek baizik esperimentatzen ez dituzten leku eta egoerak barnetik ezagutzeko. "Gu bertakoak izanik, geure kontaktuak, lagunak eta baliabideak erabiltzen ditugu, Diasporakoak hemengo zenbait egoeta eta ekitaldiren bihotzean sartuarazi eta zer garen eta nolakoak garen erakutsi eta partekatzeko: gurekin ez dira turistak, atzera datozen lagun eta euskal herritarrak baizik", aurkezten dute.
Bi talde errezibitu ditu dagoeneko Argentinatik Bask in Motionek, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxekoa lehena, joan den maiatzean; eta Buenos Aires hiriko Juan de Garay Fundaziokoa bestea, oraintsu, urrian bertan. Eta biak "oso gustura" eta "loriatzen" itzuli dira "tratuaz, antolamenduaz, lekuez eta Euskal Herriaz eman dizkiguten foko eta perspektiba berriez". "Etxekoak bezala tratatu gaituzte eta gure usteeetatik haratago joan dira", "tratuan lagun baina aldi berean seriotasuna eta profesionaltasuna ezaugarri", azpimarratuta. "Euskal Herrirako lehenengo bidaia ez zutenei ere begiak zabaldu dizkiete, ekarpen berriak eginez", segurtatu dute interesatuek berek.
Bask in Motioneko hiru ordezkariek Necocheako Euskal Aste Nazionala bisitatuko dute aste honetan, baina aurretik hitzordu batzuk ezarri dituzte, Buenos Aires hirian hasteko. Hona egitarauaren berri (kontsultaren bat edo iradokizunen bat egin, edo zure euskal etxea bisita dezaten nahi baduzu, aski duzu info@baskinmotion.com helbidera idaztea):
Behin-behineko egitaraua:
Astearte honetan, azaroaren 8an, Laurak Bat Euskal Etxeko zuzendariekin bilduko dira elkartearen egoitzan bertan, Belgrano 1144 etorbidean, ondoren Nafar Etxera joan, gero Juan de Garay Fundaziokoekin bildu eta afaria Iparraldeko Euskal Etxeko jatetxean egingo dute.
Asteazkenean, azaroaren 9an, 21.30etan, Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian ezarri dute hitzordu publikoa (Bernardo Irigoyen 826), Idiazabal gazta dastaketa bat barne. Hortik, biharamunean, Necochea aldera abiatuko dira, eta han aurkezpen eta kontaktu berriak egingo dituzte. "Necochean, hurbil daitezkeen euskal etxe eta norbanako guztien esanetara egongo gara; nahi duena, beraz, gutaz galdetu eta arazorik gabe hurbil dadila, ondo errezibiltuko baitugu", esan digute.
Euskal Astea azaroaren 13an, igandea, bukatuta, azaroaren 14an, astelehena, aurkezpena Azulen izango da, Gure Txokoa Euskal Etxean, 19:00etan, hemen ere Idiazabalgo gazta dastaketa batekin. Bertara Olabarriako Euskal Etxekoak ere joango direla jakinarazi dute.
Azaroaren 15ean, asteartea, hitzordua Saladillon izango da, bertako alkate edo intendenteak errezibiturik eta gauean afaria Itxaropen Euskal Etxearen egoitzan eginik.
Azaroaren 16an, asteazkena, Chivilcoyn izango da aurkezpena, bertako Beti Aurrera Euskal Etxearen egoitzan, 20:30etan, sarrera libre eta jende orori zabalik, eta Idiazbal gazta dastaketa ere programako parte.
Azaroaren 18an, ostirala, Lomas de Zamora herriko Denak Bat Euskal Etxeak errezibituko ditu, hitzaldi eta aurkezpena 20:00etan, eta pixkat beranduxeago gazta dastaketa.
Facebook: https://www.facebook.com/baskinmotion
Twitter: https://twitter.com/baskinmotion
Kontaktatzeko, zeure euskal etxea bisitatzeko, edo edozein galdera edo iradokizun egiteko, idatzi hona: info@baskinmotion.com