Trenque Lauquen, Argentina. Marita Echave sukaldari cordobatarrak ‘Cocina Vasca Campesina’ bere liburua aurkeztu du Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxean. Berrogei bat lagunek hartu zuten parte klase moduko aurkezpenean eta ondotik etorri zen dastatzean. “Menua prestatzen zuen bitartean, errezetak ez ezik, Maritak euskaldunen istorioak, ohiturak eta kontaketa mitologiko batzuk konpartitu zituen”. “Gutako asko identifikatuta sentitu ginen; zinez baserriko giroa sortu zuen”, laburbildu dio bertako euskara irakasle Alejandra Bengocheak EuskalKultura.com-i.
Proposamenarekin erabat animatuta, honelako aktibitateekin jarraitzeko eskatu diote elkarteko kideek Zuzendaritza Batzordeari. Ikasturtea honela hasirik, Euskal Etxean urtero egin ohi diren gainerako ekintzak abiatzen ari dira poliki-poliki. Dantza klaseak joan den ostiralean hasi eta ostiralero izango dira, Daiana Aguirre irakasle; euskara eskolei, berriz, apirilaren 5ean ekingo zaie, eta ostiralero izango dira 19:30etatik 21etara, Alejandra Bengochearekin.
Ekitaldiko argazki gehiago, hemen.