euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Basauriko Soinu Bidea abesbatzak kantaldia eskaini zuen Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkartean

2008/07/21

Soinu Bidea abesbatzeko kideak Euskaltzaleaken egoitzan (argazkiak EuskalKultura.com)
Soinu Bidea abesbatzeko kideak Euskaltzaleaken egoitzan (argazkiak EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Herritik etorritako gonbidatu bereziek parte hartu zuten pasa den asteazkenean Buenos Aireseko Euskara Ikastolak (Euskaltzaleak) antolatutako kultur ekitaldian. Alde batetik, Koldo Zabalondo arotzak Euskal Herria, baserria eta haritzari buruzko hitzaldia eman zuen. “Baserrietako sukaldea euskararen santutegia, tenplua da” azpimarratu zuen Zabalondok. Bestalde, Basauriko Soinu Bidea abesbatzak kontzertua oparitu zien Mexiko kaleko egoitzara hurbildu ziren hainbat ikasle eta bazkideri. Emanaldia bukatzean, gonbidatuek eta etxekoek askaria egin zuten eta goizaldeko ordu txikiak arte kantuan aritu ziren.

Buenos Aires, Argentina. Euskara zabaltzeaz gain, Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkarteak  kultur ekitaldi asko antolatzen ditu urtean zehar eta joan den astekoa oso berezia izan zen, Euskal Herritik etorritako gonbidatuek parte hartu baitzuten. Jarduera arratsaldeko zazpietan hasi zen, Koldo Zabalondok 'Euskal Herria, baserri eta haritza'-ri buruz eskaini zuen hitzaldiarekin. Zabalondo Elgetan jaio zen baina orain Arabako herri txiki batean, Etxegoienen, bizi da. Euskaltzalea --  “Euskal Filologia ikasi nuen nahi nuelako, ez nuen titulorik behar”--, Zabalondo arotza da  lanbidez eta zuhaitz berezi bati buruz mintzatu zen: haritza.

Haritzarekin lotuta baserriak ere izan zituen hizpide. Euskal kulturan sukaldeak daukan funtsezko lekuari buruz aritu zen: “Baserrietako sukaldeetan gure arbasoek ez zekiten gaztelania beraz, horien estruktura sintaktikoak zehatzak ziren, ez zuten sekula hankarik sartzen. Gaur egun zer gertatzen da euskararekin? Kutsatuta dago, gaztelaniak kutsatuta. Zergatik esaten dut baserrietako sukaldea euskararen tenplua, santutegia, katedrala dela? Han aitona-amonek euskeraz egiten zutelako. Euskal izaeraren unibertsitatea sukaldea da. Transmisio kultural osoa sukaldean egin da. Han errieta egin ziguten, han egin genuen negar, errezatzen ikasi genuen, han kontatu ziguten Euskal Herriko historioa”.

koldoZabalondoEuskaltz2008
[Koldo Zabalondo mintzaldia ematen Euskaltzaleaken]


Basauritik Argentinara

Hitzaldia bukatuta, Basauriko Soinu Bidea abesbatzeko hamar kideek kontzertua eman zuten. Gerardo Carbajok zuzenduta, bi zatidun ikuskizuna prestatu zuten euskal etxean aurkezteko. Lehenengoan, jatorri desberdinetako abestiak egin zituzten: A prayer, Historia de las sillas, Siya Hamba, besteak beste; bigarrenean, berriz, euskal kanta tradizionalak: Nerea izango zen, Atxia Motxia, Eperrarena, Ixil-ixilik, Aurtxo txikia eta Maritxu nora zoaz. Bukatzeko eta entzuleen eskaerari erantzunez, Euskal Herriko semeak egin zuten.

“Argentina etortzeko plana aspaldikoa da', azaldu zuen Marta Erdozia abesbatzeko kideak. 'Urteak daramatzagu etorri nahian, baina denbora joan eta azkenean diru asko behar da.  Iaz komentatu genuen aurten ziur etorriko ginela. Denbora luzez aurreztu eta hemen gaude”.

soinuBideaEusk20083
[Soinu Bidea taldeko kideak emanaldian]

Diasporarekin lehen kontaktua

Basaurikoa tradizio handiko abesbatza da eta munduko bazter askotan izan da jada: Errusiatik Espainiara eta Greziatik Kubara; baina Euskal Diasporarekin lehenengo kontaktua Buenos Airesen izan zuten. “Denok gaude nahiko emozionatuta. Abestu eta gero gure artean komentatu dugu txarto egin dugula Agur Jaunak, -- aitortu du Martak -- lehenengo kanta izan da eta oso, oso berezia da eta denak erdi negarrez hasi gara. Guretzat oso hunkigarria da hemen egotea; badakigu zergatik etorri zen jendea hona, denok daukagu familia hemen. Esperientzia hau bizi eta gero saiatuko gara Diasporarekin harremanetan jarraitzen”.

soinuBideaEusk20082
[Ezkerretik eskubira, Gerardo Carbajo (abesbatzeko zuzendaria), Teresa Zavaleta (Euskaltzaleakeko lehendakaria) eta Margarita Burua (abesbatzeko kantari baten izeba argentinarra)]

Kontzertua amaituta, gonbidatuek eta etxekoek elkarrekin afaldu eta euskal kantak abestu zituzten berandu arte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia