Valladolid, Espainia. Maiatzaren 11n eta 12an egin zen Valladoliden espainiar estatuko euskal etxeen 2013ko Mus Txapelketa eta, horrekin batera, baita euskal etxeen federazioaren urteroko bilkura ere. Valladolideko Gure Txoko izan zen antolatzailea, elkarte honetako muslariak izan zirelako iazko txapelketaren garaileak.
Aurtengo txapelketa larunbatean eta igande goizean jokatu zen eta Bartzelonako bikoa izan zen garaile: Norberto Rodriguez eta Andres Fernandez. Txapelketa amaitzeko lagunarteko bazkaria egin zen igandean Gure Txokon. Menuko izarra, Euskal Herrian tradizio handia duen platerra izan zen: esneko arkumea, elkarteak aditzera eman duenez.
Federazioaren bilera
Bestalde, igande goizez espainiar estatu euskal etxeen federazioaren urteroko bilera egin zen Gure Txokon. Bertan hizpide izan zituzten gaien artean, honakoak izan ziren: aurtengo diru-laguntzek izan ditzaketen murrizketak, 2012ko kontuak eta 2013ko aurrekontua onartzea, Txilen egingo den 2013ko Mus Txapelketa eta federazioaren hurrengo ekimenak.
Valladolideko euskal etxeko idazkari Jokin Oncaladak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, "azpimarragarria da asteburu osoan izan dugun giro ona, bertan egin diren ekitaldietan parte hartu dugun guztion artean".