Bartzelona, Katalunia. "Nafarroako eta Kataluniako kulturak batzen dituen gunea" esanez aurkezten du bere burua, duela ehun eta bat urte Bartzelonan sortu zen Nafarren Etxea elkarteak. Duela 54 urtedanik egun egoitza izaten segitzen duen hiriburu katalaneko Horta-Guinardo barrutian kokatua, erdigunetik 10 minutura, nafar tradizioen adierazgarri diren hainbat jardueratan parte hartzeko aukera eskaintzen du, tartean musika eta kantak, Jota Eskola eta ‘Otxote’a baititu, eta baita kirola ere, frontoia baitauka eta Esku Pilota Eskola besteak beste. Diasporako gainerako nafar etxeek bezala duela bi aste pasatxo bukatu zuen bere urteko besta erreferentziala, Iruñeko Sanferminekin bertatik bat eginez.
Sanferminekin batera, pilota, eta esku pilota, da elkartearen jarduera ekarkorrena, eta esangura bereziena duena Bartzelonako Nafarren Etxean. Ahalegin berezia egiten dute gazteak euren Pilota Eskolara erakarri eta harro diote egoitzako frontoian ehundik gora pilotari biltzen direla entrenatzen, federatuak, heldu, gazte eta umeak, eta gizonezkoen zein emakumezkoen modalitateetan.
Nafarren Etxeko besta sanfermindarra Txupinazoarekin hasten da eta txikienen 'entzierroa' dauka, pilota, musika, kantua, meza, kolore zurigorriak eta azken egunean 'Gaixoa ni' sentitu bat
Urtero urtero, San Fermin da oihartzun handiena duen euren deialdia, eta euren ekimen kuttunena, eta hamabost egun pasa badira ere, uztail eta urte osoa betetzen du haren arrabotsak eta sentipen bereziak. Aurten ere programa oparo batez antolatu dute, uztailaren 6an hasita, zapiak banatuta, txupinazoa jaurtiz eta jendea jauzika eta musika lagun gonbidatuz bozkarioan bat egitera... esku pilota arloan San Fermin Eskola Arteko Txapelketa ere antolatuz.
Eskola arteko esku huskako San Fermin Txapelketan parte hartutako pilotari gaztetxoak
Bartzelonako Nafar Etxeko txikiek ere euren partaidetza izan zuten, 'entzierro' berezia korrituz
Uztailaren 6tik 14ra arte —Iruñearekin, egun berean, hasiz eta Iruñearekin batera bukatuz— euren programak bildu ditu beste askoren artean bazkari-afariak, Jota Eskolaren kontzertuak, San Fermin meza, bingoa, musika, habanerak, rancherak, lehiaketak eta beste hainbat, dagoeneko aipatutako pilota arlokoez gain. Proposamenetako asko 14an izan ziren, eta haurrek ederki asko gogoratuko dute, esaterako, korritutako entzierroa, kartoizko zezenen aurrean, eta jolasean aritu ziren arratsaldea. Begien ninietan eta entzumenean grabatuta geratu zen seguruenik baita ere, aurtengoari ‘Gaixoa ni’ hunkitu batekin azken agurra emateko momentua.
- Bartzelonako Nafarren Etxea Instagramen, nafarrenetxea_bcn
- Bartzelonako Nafarren Etxea webgunea, www.casadelosnavarrosbcn.org