euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Merce jaiek kolore euskalduna izango dute, Euskal Etxeak prestatu duen egitarau zabalarekin

2008/09/16

Euskal Etxeak Merce 2008 jaietarako prestatu duen afitxa
Euskal Etxeak Merce 2008 jaietarako prestatu duen afitxa

PUBLIZITATEA

Galdu ezineko hitzordua bihurtu da jada eta aurten ere Bartzelonako Euskal Etxeak egitarau mardula prestatu du La Mercé jaietan, hiriko sainduaren jaietan, parte hartzeko. Ekitaldiak ostiralean hasiko dira eta asteburuan zehar luzatu. Tailerrak, kale antzerkia, bideo emanaldiak, pintxo dastaketak eta kontzertuak, hamaika kontzertu, dira Euskal Etxearen proposamenak: Cherry Boppers, Los Fulanos, DJ Mota, Kerobia, Root Diamonds, Trikizio, Dr. Calypso, Dijous Paella eta Oreka TX-ek osatzen dute kartela.

Bartzelona, Catalunya. Bartzelonako Euskal Etxeak aurten ere bere ekarpen berezia egingo die La Mercé jaiei, astebururako prestatu duen egitarau oparoarekin. Euskaldunen parte hartze hau Bartzelonako jaietako klasiko bihurtu da jada eta bertako udaletxearen babesa ere jaso du azken urtetan. Euskal Etxeak antolatutako ekitaldiak Camp de l'Arpa (Av. Meridiana, Aragó eta Consell de Cent artean).

Egitaraua ostiral honetan hasiko da, irailaren 19an, asteburuan zehar irekita egongo den artisautza eta euskal gastronomia merkatuaren inaugurazioarekin. Arratsaldeko zazpi t'erdietan Trapu Zaharra antzerki konpainiak 'El pisito' lana eskainiko du. Egunari bukaera borobila emateko, kontzertuak izango dira hurrena: Cherry Boppers, jazz, funk eta groove-a lantzen duten bilbotarrak; Los Fulanos, Bartzelonako soul-a, eta DJ Mota, Bartzelonatik ere, old school funk-a lantzen duena.

Larunbatean eguna haurrentzako antzerkiarekin hasiko da, 'Mitja Taronja' izeneko ikuskizunarekin. Lan honek txotxongiloak, dantza, literatura eta marrazkiak nahasten ditu, jolasteko ilusioa berreskuratzea proposatuz. Eguerdian pintxo dastaketa egingo da Euskal Etxearen txoznan eta ondoren herri kirol erakustaldia. Arratsaldean haurrentzako tailerrak, txalaparta ikastaroak eta Irurtzungo joaldunekin kalejira egingo dute. Gauean Pakearen aldeko Kontzertuaren edizio berri bat egingo da, Kerobia, Root Diamonds, Trikizio eta Dr. Calypso taldeekin.

Igandea, jaien azkeneko egunean, kalejira, merkatu eta herri kirolekin hasiko da. Ondoren Orritz-Iskidi dantza taldearen emanaldia. Eguerdian herri bazkaria egingo da, Karlos Ibarrondo sukaldariak prestatuta, eta ondoren batukada eta tabalers-en emanaldia eskainiko dute. Arratsalde gau partean kontzertuak izango dira berriz, Dijous Paella taldearekin eta Oreka TX-eko txalapartariekin.

Jaiari buruzko informazio osoa, Bartzelonako Euskal Etxearen webgunean, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia