euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Literatura Irakurle Klubak Cano, Landa, Jaio, Mintegi, Sarri, Saizarbitoria... aztertuko ditu aurten

2021/11/08

Azaroaren 23an hasiko dira Bartzelonako Euskal Literatura Klubaren saioak, Aritz Galarraga idazle eta irakaslea koordinatzaile
Azaroaren 23an hasiko dira Bartzelonako Euskal Literatura Klubaren saioak, Aritz Galarraga idazle eta irakaslea koordinatzaile

PUBLIZITATEA

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako udal liburutegiek irakurle klub eskaintza zabala eskaini ohi dute urtero, irekiak zein tematikoak. Azken hauen artean dago Euskal Literaturarena, ikasturteko aurkezpen saioa egin berria duena urriaren 26an kokaleku duen Esquerra de l´Eixample - Agustí Centelles liburutegian (Conde Urgell kaleko 145-147. zenbakian). Proposamenaren helburua, euskaraz idatzitako literatura sustatu eta lantzea da eta Katañuniako jendea ere Euskal Herriko literatura ekoizpenera hurbiltzea.

Hilean behin biltzen da Euskal Literatura Kluba. Euskal egileen lanen irakurketa proposatu eta bultzatu eta aurkezten, aztertu eta komentatzen eta iruzkinak partekatzen dituzte saioetako koordinatzaile eta gidai  Aritz Galarraga (Hondarribia, 1980) dela. Galarraga idazlea da, Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuan lizentziatua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB), eta Bartzelonako Unibertsitatean eta UABko Euskara eta Euskal Kultura irakurlea, itzultzailea baita ere, eta euskal hedabideetako kolaboratzailea.

Aurrez aurrekoak iragarri dira aurten Irakurle Klubeko saioak. Hileko laugarren asteartean izango dira, arratsaldeko 7etatik 8:30etara. Hauek dira ikasurte osorako datak eta jorratuko diren izenburu eta egileak:

-Azaroaren 23a: Egunero hasten delako, egilea Ramon Saizarbitoria
-Abenduaren 28a: Sisifo maite minez, egilea Laura Mintegi.
-Urtarrilaren 25a: Beti oporretan, egilea Harkaitz Cano
-Otsailaren 22a: Gay nauzu, egilea Iñigo Lamarca.
-Martxoaren 22a: Inurrien hiztegia, egilea Mariasun Landa
-Apirularen 26a: Aitaren etxea, egilea Karmele Jaio.
-Maiatzaren 24a: Hilda dago poesía?, egilea Joseba Sarrionandia.

Topaketa bakoitzaren aurretik, liburuen aleak banatuko zaizkie parte-hartzaileei, euskaraz, katalanez edo gaztelaniaz, kasuaren eta liburuaren arabera. Klubaren antolaketa Udal Liburutegiei zor zaie, Bartzelonako Euskal Etxea, UB eta UAB unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuarekin batera. Parte hartzea doakoa da, aldez aurretik izena emanda. Aurten jarduerak zazpigarren edizioa du eta, beste behin, parte-hartzaileen kopurua beteta dago dagoeneko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia