Bartzelona, Katalunia. "Euskadik behar zaitu", zioen konpromisorako esaera edo dei larri harek. Antzeko deialdia egin dute egun hauetan Bartzelonan, baina oraingoan Bartzelonako Euskal Etxea edo hiria erakuslehio eta arnasgune garrantzitsu duen euskalgintza antolatuak. Epe jakin baterako engaiatu eta Bartzelonako Euskal Etxearekin konprometituko den pertsona talde bat behar dute, bestela ezinbestean etorriko den egoera EEa ixtea izango baita. Helburua, gutxienez lau pertsonako ekipoa lortzea da. Prest zeundeke parte izateko?
Egungo lau pertsonako ekipoa --Montserrat Aguilar, Ainhoa Camio, Josean Odiaga, Josune Aguirre-- 2018an 'karguratu' zen, eta datorren urtean amaituko du bost urteko 'agintaldia'. Aurretik, ordea, txanda eman behar lioke lau pertsonako talde berri bati. 'Karguratu' zen unean elkartea ukituta zegoen ekonomikoki eta egoera hori saneatu da, azaltzen dute. Baina Covid-19ak ekarritako egoerak ez dio utzi burutzen helburu ere bazuen EEaren proiektua berbegiratu eta birplanteatzeko prozesua. Batera ala bestera "15 urte baino gehiago daramagu gure elkartearen alde lanean" oroitarazi zuten azken Biltzar Nagusian, ez dutela segituko irmo iragarriz.
Bilera Euskal Etxean
Segida hartzeko zer behar den? Gutxienez lau pertsonako ekipo bat, euskalgintzarekin engaiatua, ekimena duena eta bultzatzeko, animatzeko eta indarberritzeko gauza dena. EEko kide behar dute izan/egin. Gaur maiatzaren 19a, bilera egingo da 19etan Euskal Etxean interesatzen direnekin. Gaurtik irailera arte, ideiak batu eta bide eta proposamenak elkarbanatzeko epea zabalduko da, urrian hautagaitzak aurkeztearren, kanpaina egin eta abenduan hauteskundeak egiteko. 2023ko urtarrilean, erreleborik egon bada, esku-aldaketari ekingo zaio, eta izan ez bada, Euskal Etxea ixteko prozesuari.
Galderaren bat egin edo informazioa nahi baduzu, idatzi edo deitu Josean Odiagari (barcelona@euskaletxea.cat) edo Josune Agirreri (prensa.euskaletxea@gmail.com), telefonoa 933 102 200.
Bartzelonako Euskal Etxea
-Webgunea: https://euskaletxea.cat
-Twitter: https://twitter.com/euskaletxeabcn
-Facebook: https://www.facebook.com/Euskaletxea
-Instagram: https://www.instagram.com/euskal_etxea_bcn/