euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Etxeak standa edukiko du Durangoko Azokan, Diasporan egiten den kultur lanaren ordezkari

2015/12/02

Bartzelonako Euskal Etxea elkarte gaztea eta kulturalki oso aktiboa da (argazkia Igotz Ziarreta)
Bartzelonako Euskal Etxea elkarte gaztea eta kulturalki oso aktiboa da (argazkia Igotz Ziarreta)

PUBLIZITATEA

Ostiraletik aurrera Durangoko Azokan egongo da Bartzelonako Euskal Etxea, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak eta azokak abian jarri duten programa bati esker. Helburua zera da, azokako bisitarien artean Zortzigarren Herrialdeko euskaldunen lana eta euskal kulturarekiko engaiamendua ezagutzera ematea. Bartzelonako euskal etxea, esaterako, euskal kulturaren erakuslehio da Katalunian eta azken urteotan makina bat euskal idazle, kantari, politikari, herri eragile eta sortzaile pasa dira bertatik. Egunotan, horietako asko azokako standean izango dira bisitari.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak standa izango du aurten Durangoko Azokan eta bertatik ezagutzera emango ditu euskal elkarte honek egiten dituen jarduerak: euskal musika, literatura eta zine jaialdiak, euskara klaseak, txalaparta ikastaroak, hitzaldiak, zine emanaldiak eta abar.

"Gure euskal etxea euskal kulturaren plataforma eta erakuslehio bat da Katalunian, eta gure jaialdi eta jarduerekin euskal sortzaileei euren lana Bartzelonan ezagutzera emateko aukera ematea da gure asmoetako bat", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko kultur koordinatzaileak, Ekaitz Garatek. "Hori dela eta, urte hauetan elkartetik pasa diren musikari, idazle, zinemagile eta abarrei gure standetik pasatzeko gonbitea luzatu diegu, gure lana ezagutzera ematen laguntzeko".

Urtero euskal etxe bat

Elkarteak Durangoko Azokan egoteko gonbitea jaso du aurten, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak eta Gerediaga elkarteak abian jarri duten ekimen baten baitan. Ekimen horren asmoa Diaspora euskal gizartearen aurrean ezagutzera ematea da, eta Durangoko Azoka horretarako gune ezin aproposagoa da, bazter guztietako milaka bisitariekin.

Bartzelonako Euskal Etxearen standa Eusko Jaurlaritzak azokan urtero jartzen duen standaren ondoan egongo da. Azken honetan Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuak plazaratzen dituen liburuak egongo dira salgai, tartean Diasporari buruzko Urazandi bilduma. Aurten bi ale berri plazaratu dira eta egileak standean egongo dira aleak sinatzen: "Exilio Vasco en America", Koldo San Sebastianena eta "Vascos en Cuba", William A. Douglass estatubatuarrarena.

Aipatu William Douglass antropologoak (Renoko Center for Basque Studies-eko sortzaileetako bat), beste liburu bat ere aurkeztuko duela azokan: "Nevadako Kontakizunak" (Pamiela argitaletxea).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia