euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Etxeak Oteiza 101 zikloa abiatuko du bihar, artistaren mezua osotasunean zabaltzeko xedez

2009/01/23

Bihar hasiko da Bartzelonan bertako euskal etxeak antolatutako Oteiza 101 zikloa
Bihar hasiko da Bartzelonan bertako euskal etxeak antolatutako Oteiza 101 zikloa

PUBLIZITATEA

Oteizaren 101. urteurrena ospatuko duen 'Oteiza 101' zikloa abiatuko du bihar Bartzelonako Euskal Etxeak. Ekimenak urtean zehar gauzatuko diren hiru aste bilduko ditu, bata neguan, bestea udaberrian eta hirugarrena udazkenean. Honekin batera, 'Konspirazio laborategia' izena hartu duen laborategia ere jaio da. Artea espresatzeko modu gisa erabiltzen duen edozein deitzen du bertan parte hartzera Bartzelonako EEak . Artearen ahalik eta diziplina gehienekin lan egitea du helburu: argazkigintza, eskultura, ilustrazioa, bideoa, dantza, antzerkia… Biharko saioan Ander Lipus & Karabana arituko dira "Hala mintzatu zen Zappatustra" antzeztuz.

Bartzelona, Katalunia. 'Oteiza 101' zikloaren lehenengo astebeteko egitarauak honako emanaldiak eskainiko ditu: Bihar larunbata, urtarrilak 24, “Hala mintzatu zen Zappatustra” Ander Lipus & Karabanaren antzerki saioa, arratsaldeko zortzietan Euskal Etxean. Urtarrilaren 28an, asteazkena, Konspirazio laborategiaren lehen jardunaldi eta lan eguna, arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera Euskal Etxean. Azkenik, ostiralean, rrtarrilaren 30ean, “Fragmentos”en (1992) proiekzioa, Jon Intxaustegik zuzenduriko eta Oteizarekin batera eginiko dokumentalaren emanaldia, arratsaldeko zazpi t'erdietan Euskal Etxean. Informazio gehiago, ekimenaren blogean.

Zikloaren zergatiei eta xehetasunei buruz, antolatzaileen azaltzen dutenez, Oteiza 1908an jaio zen eta 2008an, Euskal Herrian, bere jaiotzaren mendeurrena ospatu zen. "Bartzelonako Euskal Etxeak, aldiz, 2009a baliatuko du Oteiza eta bere arteak merezi duen atzera begirada hori egiteko. Hor jaiotzen da Oteiza 101 proiektua. Urte osoko proiektu bat da, non Oteizaren artea, pentsamendua, proposamenak, etab. aztertu, erakutsi eta zabaltzen dituzten hainbat proposamen izango ditugun Euskal Etxean 2009 osoan zehar aste ezberdinetan antolaturik, urtaro bakoitzeko bat".

'Konspirazio laborategia'

Antolatzaileen esanetan, ez da euren asmoa "aste hauetan 'Oteizari buruz' hitz egingo diguten hitzaldi sorta bat antolatzea. Ez diegu hitzaldiei ateak ixten, ezta gutxiago ere, baina, beste ikuspuntu bat eskaintzeaz aparte, praktikotasun batera eraman nahi dugu, bere mezua bere osotasunean zabaltzea. Honela, esaera honek laburbilduko luke gure asmoa: 'Entzutea ahaztea da, irakurtzea gogoratzea eta egitea ikastea'".

Oteiza 101 proiektuarekin batera jaiotzen da Konspirazio laborategia izena hartu duen proiektua. Bartzelonako Euskal Etxeak bertan parte hartzera deitzen ditu artea espresatzeko modu gisa erabiltzen duen edozein, esperimentatzea eta artearen bidez espresatzea baitu helburu. "Oteiza 101 proiektuan urtean zehar egingo diren bizkarrezurretako bat izango da, aste ezberdin hauetan, Oteizaren pentsamenduaren alderdi ezberdinekin esperimentatuz, laborategiko partaideek euren lanak Euskal Etxean erakusgai izango dituztelarik. Artearen ahalik eta diziplina gehienekin lan egitea du helburu Konspirazio laborategiak: argazkigintza, eskultura, ilustrazioa, bideoa, dantza, antzerkia…."

Lotura interesgarriak

Ekimenaren bloga
http://oteiza101.blogspot.com

Bartzelonako Euskal Etxeko bloga
http://blog.euskaletxeak.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia