Bartzelona, Talaunia. Askorentzat, ipar hemisferioan, uztailak ikasturtea amaitu dela nahi du esan eta udako oporren hasiera. Hala ere, badaude uda, urtean zehar ikasi ahal izan ez dituzten gauzak ikasteko, edo ikasitakoak errepasatzeko erabiltzen duenik. Beraientzat Bartzelonako Euskal Etxeak udaro eskaintzen dituen euskara ikastaro trinkoak eskainiko ditu aurten ere. Urtean ikasitakoa errepasatzeko, baina hizkuntzara lehen aldiz hurbiltzeko ere balia daitezke gero, nork daki, gustatu ezkero, urteko ikastaro arruntetan iena emateko.
Datorren astelehenean, uztailaren 3an hasita, eta 14ra arte, garatuko da uda honetako ikastaro hauetako lehena, hogei ordukoa. Klaseak astelehenetik ostiralera izango dira. Joan den ostiralean itxi zen izen-emate epea eta bi talde osatu dira, bat goizez, 10etatik 12etara; eta bestea arratsaldez, 18:30etatik 20:30etara. Aurtengo bi taldeak zerotik hasiko dira euskara ikasten edo euskarara hurreratzen.
Kontsultak emailez edo telefonoz
Euskal Etxeak bigarren ikastaro bat eskainiko du, irailaren 4tik 15era. Izena emateko epea zabalik dago jada, uztailaren 14ra arte. Matrikula Internet bidez egin daiteke, email bat bidaliz barcelona@euskaletxea.cat helbidera; edo elkartearen idazkaritzan, astelehenetik ostiralera 12etatik 14etara eta 15etatik 17:30etara. Ikastaroaren prezioa 80 eurokoa da, bazkideentzat, eta 100ekoa bazkide ez direnentzat. Era berean, EEak adierazi du datorren ikasturteko ikastaroetan izena emateko epea, irailaren 4tik 22ra, eskolak, ohi bezala, urritik ekainera izango direlarik.
Kontsultak egiteko, posta elektronikoaz gain, honako telefono zenbakia eman dute: 93 310 22 00. Animatu!