Bartzelona Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak agiria plazaratu du sare sozialen bitartez adieraziz datozen egunetarako Katalunian iragarrita dauden mobilizazioen karietara EH Sona jaialdiak urriaren 18an eta 19an egitaraututa zeuzkan kontzertuak bertan behera uztea erabaki duela. "Katalunian datozen egunetarako aurreikusten diren mobilizazio egunak direla eta, urriaren 18 eta 19rako programatuta genituen EH Sona 19ko kontzertuak bertan behera uztea erabaki dugu" dio hitzez hitz komunikatuak.
Katalunian bizitzen ari diren egoeraren aurrean, Bartzelonako Euskal Etxeak 'procès' delakoan emandako epaiaz bere protesta adierazi nahi izan du, epaia adierazi zen egunean EEa itxiz eta "gatazka politikoak bitarteko demokratikoak erabiliz konpondu behar direla" aldarrikatuz.
"Adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin nahi dugu eta Auzitegi Gorenak ezarritako kartzela zigorren aurrean, gure elkartasuna helarazi nahi diegu Kataluniako gizarte zibil eta politikoaren buruzagiei zein euren familiei" dio Bartzelonako Centre Cultural Euskal Etxearen oharrak.
Datorren ostiral-larunbatean, Nikotina, Senyor Oca, Bad Sound, Maluks (18an); eta Barcelona Rock Orchestra, Trakamatraka, Onki Xin, Belatz, Eskean Kristo eta Anita Parker taldeek (19an) behar zuten parte hartu Bartzelonan EH Sonako kontzertuetan. Antolatzaileek pentsatu dute bertan behera utzitako kontzertuetako batzuk azaro-abenduan gauzatzea eta gainerakoen dirua itzultzea sarrera erosi zutenei. Xehetasunak datozen egunetan emango dira.
-Euskal Etxea Facebooken
-Euskal Etxea Twitterren