euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Etxearen Korrika Kulturala bizi-bizi dabil, Korricursaren bezperatan

2009/03/20

Euskal Etxeak 2006ean, Korrika 15 zela eta, antolatu zuen Korricursa (argazkia BartzelonaEE)
Euskal Etxeak 2006ean, Korrika 15 zela eta, antolatu zuen Korricursa (argazkia BartzelonaEE)

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatu duen Korrika Kulturala azken egunetan sartu da, datorren asteko larunbatean egingo den 'Korricursa' edo lasterketaren bertsio euskal-kataluniarraren zain. Euskal Etxeko arduradunak oso pozik agertu dira orain arte egindako ekitaldiek erantzun bikaina izan dutelako. Hurrengoak elikaduraren inguruko solasaldia, .EUS domeinuaren proiektuaren aurkezpena eta Mikel Laboari eskeiniko zaion omenaldia izango dira.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak Korrikarekin bat egin du aurten ere --azken 10 edizioetan egin dute jada!-- eta euskararen aldeko lasterketa heldu bitartean giroa berotzeko egin duten Korrika Kulturalak erantzun oso ona izan du orain arte egin dituzten 7 ekitaldietan. 'Egunik handiena zalantzarik gabe ostiralekoa, martxoak 13, izan zen, Aulki Hutsa antzezlana eta Anariren kontzertuaz gozatzeko asmotan etorri zirenek lepo bete baitzuten hiriburu katalaneko Euskal Etxea', azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal elkarteko lehendakari Aitor Arrutik.

Horrez gain Miren Azkarate Kultura sailburuak Etxepare Institutuaren berri eman zuen euskal etxean egin zuen mintzaldian, Irakurle klubaren sorrera aurkezpena egin zen, Topaguneko laburmetraien emanaldia egin zen eta Iruña Veleia aztarnategiari buruzko hitzaldia eman zuten Joakin Gorrotxategi filologoak eta Koenraad Van den Driessche geologoak, besteak beste. Hurrengo ekitaldiak Katalankien inguruko mahai ingurua, elikaduraren inguruko hitzaldia (ja(ki)teaz, ase eta gose), .EUS domeinuari buruzko solasaldia eta Mikel Laboari eskeiniko zaion omenaldia izango dira. 

Korricursa badator!

Egun handia martxoaren 28an helduko da, Korricursa Bartzelonako kaleetara iristen denean. Euskal Etxeak antolatzen duen lasterketa dagoeneko ekitaldi ezaguna da Bartzelonan eta azken edizioetan jende ugari bildu du hiriburuko karrikatan lasterka, giro bikainarekin.

'Lehenik Korrika txikia izango dute Gràciako auzoko kaleetan, eta ondoren helduek hartuko dute lekukoa, Gràciako kaleetatik alde zaharrera korrika etorriko direlarik. Lekukoa euskara ikasleek eramango dute (Euskal Etxekoa, Hizkuntza Eskolakoa, Universitat de Barcelonakoak eta Universitat Autònoma de Barcelonakoak)', azaltzen du Arrutik. 'Indarrak berreskuratzeko 200 lagunentzako bazkari herrikoia egingo da eta Tximeleta eta Ze esatek! taldeen kontzertuekin jarraituko du jaiak. Amaitzeko, Euskal Etxean bertan Korrikaraokea eta jaia'.

Denak Gasteizera

Ekitaldi guzti hauek bukatzeko euskal etxeak Korrika bukatzen den lekura bidaia antolatu du aurten, 'euskara ikasleek eta katalanek orokorrean benetako Korrikaren berri izan dezaten', dio Arrutik. Bidaia apirilaren 3an hasiko da, Gasteizerantzko bidean, eta larunbatean Gasteiz euskaraz ezagutzeko aukera izango dute bidaiariek, ondoren Arabar Errioxara txangoa egingo dutelarik.

Igandean berriz, Bartzelonako Euskal Etxeak Korrikan parte hartu eta lekukoa eramango du goizeko 10.38tan Seminarioko ate aurretik. Euskal etxeko arduradunek gonbidapen berezia egiten diete Diasporatik gerturatzen diren euskaltzale guztiei kilometro honetan eurekin bat egiteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia