euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako Euskal Etxea euskaraz, musikaz eta festaz blai, 2009-2010 ikasturteari hasiera biribila emateko

2009/09/08

Ikasturte berria dela eta euskara ikastaroetan izena emateko Euskal Etxeak argitaratutako afixa
Ikasturte berria dela eta euskara ikastaroetan izena emateko Euskal Etxeak argitaratutako afixa

PUBLIZITATEA

Egunotan munduko Euskal Etxe asko ikasturte berria ari dira hasten [Ipar Hemisferiokoez ari gara, izan ere Argentinan eta orohar, Hego Hemisferioan abenduan bukatuko baita 2009 ikasturtea, urte naturalarekin bat]. Bartzelonan, Euskal Etxekoek irailaren 1ean ekin zioten ikasturteari, irailaren 10ean amaituko den euskara ikastaro trinko batekin. Irailaren 11ean, 'Diada' edo Kataluniako Aberri Eguna ospatuko dute txistulari, txalapartari eta dantzariekin. Aldi berean, Euskal Etxeko Txokoa eraberritzeko lanak bukatuta, Guillem Joan kantautore katalanak emanaldia eskainiko du irailaren 18an. 23an, berriz, Rafa Rueda euskalduna izango dute gonbidatu. Eta ahaztu gabe: zabalik da euskara ikastaroetan izena emateko epea ere eta, lerro hauen bitartez, Aitor Arruti lehendakariak jendea animatu nahi du parte hartzera.

Bartzelona, Katalunia. Ipar Hemisferioko Euskal Etxeek egunotan kurtso berriari ekin diote. Bartzelonako Euskal Etxearen kasuan, euskal kulturaz beteriko ikasturte berriari hasiera eman diote dagoeneko. Lehenengo ekintza, irailaren 1etik 10era arte iraungo duen euskara ikastaro trinkoa izan da. Euskara ikasteko gogoa dutenek, urrian hasiko diren ohiko euskara ikastaroetan izena emateko epea zabalik dute. Euskara ikastarook HABEk arautzen ditu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Markoaren ildoak jarraitzen dutela azpimarratzen du EEko lehendakari Aitor Arrutik.

Ikastaroez gain, hitzordu berezia dute EEko bazkideek irailaren 11ean. Egun honetan, Kataluniako Aberri Eguna ospatzen da Bartzelonan, eta Euskal Etxean jai honekin bat egin nahi izan dute aurten ere. 'Kalera irtengo gara, euskal eta katalan kulturen anaitasunaren erakustaldi modura', dio Aitor Arrutik. Lluís Companys pasealekuan egongo dira Euskal Etxeko kideak euren lanaz eta euskal kulturaren inguruko informazioa zabaltzeko helburuarekin. Gainera, hauekin batera dantzari, txalapartari eta txistulariak izango dira egun osoan zehar festa giroa alaitzen.

Ikasturte berria, Txoko berria

Bestetik, Euskal Etxeak zerbitzu berriak eskainiko dituen gunea estreinatuko du aurki. Neguan hasitako Txokoaren lanak bukatzear dira. 'Ikasturtea erabat eraberritu nahi izan dugu ere, Txokoan eskainiko diren zerbitzu berriekin', dio Arrutik. Berez, neguan egin ziren hobekuntza lanak baina orain, udan, eman dizkiote azken ukituak elkarguneari. 'Txokoan bazkide eta lagunek pote edo kafe bat hartzeaz gain, pintxo eta ogitartekoak hartzeko aukera izango dute, ETB-Sat bidez euskal futbol taldeak edo pilota partidak ikusten dituzten bitartean; edota Euskal Etxeak eskaintzen dituen formatu txikiko kultur ekitaldiez gozatzen dutela'.

Txokoaren inaugurazio ekitaldia irailaren 18an izango da eta besteak beste, Guillem Joan kantautore katalaren kontzertu akustikoa entzun ahal izango da. Irailaren 23an, berriz, Rafa Rueda euskaldunaren txanda izango da Euskal Etxean, bere azken diskoan bildutako abestiak zuzeneko emanaldian eskaintzeko. Ekitaldi sorta beraz, Euskal Etxeko ikasturtea behar bezala has dadin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia