euskal diaspora eta kultura
2008/08/01
PUBLIZITATEA
Aduna, Gipuzkoa. Uztailaren 20tik 27ra bitartean Bartzelona, Mallorca eta Madrilgo euskal etxeetako hamasei ikasle aritu dira Adunako Uztartza Aterpetxeko barnetegian euskara hobetzen. 19 eta 67 urte bitarteko ikasle taldeak goizetan lau ordutako klaseak eta arratsaldeetan irteera ugari egiteko aukera eduki du. Besteak beste Tolosa, Gorrotxategi txokolate fabrika, Ordiziako azoka, Zerain, Brinkolako errota zaharra eta Aiako parke naturala bisitatu dituzte.
Goizeko klaseak txango horiei lotuta egin dira, aipatu dio Ane Bastida barnetegiko irakasleak EuskalKultura.com-i. Horrela, egunez egun, sagardoa eta ogia nola egiten diren, txalaparta nola jotzen den eta herri kirolei buruzko datuak azaldu zaizkie ikasleei, beti ere mintzapraktika oso kontutan hartuta. Oro har, 'Euskal Herriko tradizioei lotutako ekintzak eta ohiturak irakatsi dizkiegu', adierazi du Bastidak.
Lagunak euskara tarteko
Ikasleek ez dute ordea segundurik alferrik galdu. Goizetan euskara praktikatu eta arratsaldeetan irteerak egiteaz gain, gauetan zenbait herritako festetan parranda egiteko aukera izan dute Bartzelona, Mallorca eta Madrilgo euskaldunek. Errenteriako Madalenetan, Donostiako Jazzaldian, Ordizian eta Billabonan izan dira, besteak beste. Batek baino gehiagok, gainera, lagunen bat edo beste egin du herri horietan. Izan ere, 'ikasleetako bat txapel batekin agertu zen goiz batean klasera eta non lortu zuen galdetu genion. Aurreko gauean Ordiziako festetan egon zela aipatu zuen eta bertako lagun batek eman ziola erantzun zigun', azaldu du barrez Ane Bastidak.
Ikasleek, bestela, 'oso gustura' ibili omen dira barnetegian. Batzuk komentatu dute euskal etxeetan euskara batua ikasten dutela eta diferentzia nabarmena antzeman dutela jendeak ibili diren herrietan egiten duen euskararekin. 'Errealitatean euskara batuaz gain, euskalkiak ere erabiltzen direla konturatu dira', adierazten du euskara irakasleak.
Deia estatuko euskal etxe guztiei
Barnetegiaren beste alde arrakastatsuenetako bat janaria izan omen da. 'Bazkariak ez du arazorik eman ikasleen artean. Sukaldariek janari ona egin dute eta ikasleek halaxe aitortu dute. Izan ere, ikasleek euren lurraldeetara 'kilo batzuk gehiagorekin' itzuli direla aipatzen du.
Aurtengo barnetegiaren ebaluazioa egiteko ia astirik eduki gabe, Ane Bastidak hurrengo urtean hobetu beharreko gauzei buruz mintzatu da. Ikasleak kotxez iritsi ziren Adunara eta herri eta toki guztietara joateko garraio hau erabili zuten. 'Kotxea beraiek eraman beharrean, hobe litzateke guztiontzat autobus txiki bat erabiltzea', dio irakasleak. Bere ustez gauza ona litzateke tailer gehiago egitea, txalaparta bezalako ikastaroak proposatuz. Eta datorren urteetan ikasle gehiagori barnetegira biltzeko deia luzatzen die. 'Euskal etxe ugari daude estatuan eta guztiek parte hartzea ez litzateke gauza txarra', amaitzen du irakasle debarrak.
Lotura interesgarriak
HABEren webgunea
www.habe.euskadi.net
Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org
Mallorcako Euskal Etxea
http://euskaletxeakmallorca.com
Madrilgo Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus