euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelona eta Madrilgo Euskal Etxeak pozik Nafarroako Arantzan egin berria duten euskara barnetegiarekin

2010/08/04

Euskara ikasleak Urdazubiko kobatan (argazkia EE)
Euskara ikasleak Urdazubiko kobatan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Astebeteko barnetegia antolatu ohi du Bartzelonako Euskal Etxeak urtero uda partean, eta deialdia Kataluniako eta Espainiako estatuko beste euskal etxeetara zabaldu. Aurten Madrilgoak bakarrik gehitu zaizkie. Aurtengo saioan, hamalau ikasle eta bi irakasle bildu dira Nafarroako Arantza herrira, egunero euskaraz hogeita lau orduz bizi eta euskal munduan murgiltzeaz gain, Nafarroako Bortziriak eta inguru zabal bat bertatik bertara ezagutzeko.

Bartzelona, Katalunia. Urtero barnetegiaren tokia aldatu egiten dute Bartzelonako Euskal Etxeko euskara arduradunek, izan ere “ikasleek errepikatu egiten dute eta toki berean egon ez daitezen aldatu egiten dugu lekuz”, azaldu du Joxean Odiaga hiriburu katalaneko Euskal Etxeko euskara koordinatzaileak. Iaz Elizondon izan ziren eta duela bi urte Adunan. Tokia aukeratzeko garaian, herri euskalduna eta euskara batutik gertu dagoen euskalkiren bat mintzo den toki bat topatzen saiatzen dira, beraz, Nafarroa eta Gipuzkoa izaten dute maiz barnetegirako gune.

Lau orduko eskolak jaso dituzte barnetegiko ikasleek goizetan; arratsaldetan, aldiz, txangoak egin dituzte inguruak bisitatzeko. Aurten Ikaburuako kobetara (Urdazubi) eta Donamarira izan dira bisitak, besteak beste. Ezinbestekoa bihurtu den hitzordua, Baztandarren Egunerako bisita da. Pasa den urtean izan ziren eta hain gustuko izan zutenez aurten errepikatu egin dute. “Gutxienez astebete, inguru euskaldun batean pasatzea ondo dago eta turismo kutsua ere badauka ekimenak, ikasle gehienak kataluniar edo madrildarrak izan arren Euskal Herrira askotan joan baitira, beraz ingurua ezagutzeko aukera ere ematen du barnetegiak”, gaineratu du Odiagak.

2010 barnetegia, Bartzelonako euskal etxea

[Pilotan esku huska aritzeko aukera izan dute baita ere Arantzako kantxan Bartzelona eta Madrileko Euskal Etxeetako euskara ikasleek]

Barnetegian izan diren ikasleetako gehienek ez dute euskal sustrairik. Hala ere, Joxean Odiagak azaldu duenez, “beti dago loturaren bat Euskal Herriarekin, agian ez dira euskaldunak gurasoak, baina bai mutilaguna edo aitona… edo inoiz hara joan eta jendea ezagutu dutenez, ondoren hemen (Bartzelonan) hasi dira euskara ikasten”. “Gero, katalan eta euskaldunen arteko kidetasuna badago eta hizkuntzak berak ere interesa pizten du: badaude hizkuntzalariak direnak eta jakinminagatik hasten dira ikasten eta gero jarraitu egiten dutenak”, gaineratu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia