euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Barilocheko Mendiko Euzko Etxea, euskal gizataldearen ordezkari bertako kolektibitateen jaian

2012/11/01

Barilocheko Mendiko Euzko Etxea-ko kideek euskal standa margotzen (argazkiakEE)
Barilocheko Mendiko Euzko Etxea-ko kideek euskal standa margotzen (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Azaroaren 3, 4, 10 eta 11an burutuko da aurten Bariloche hirian, Argentinako Patagonian, Europar-Argentinar Kolektibitateen jaialdia. 33. edizio honetan, eta aurreko urteetan bezala, Mendiko Euzko Etxea-ko kideek partaidetza handia izango dute festan, ikuskizun eta sukaldaritzaren arloetan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskaldunarekin batera, beste hamaika kolektibitatek aurkeztuko dituzte dantzak eta plater tipikoak lau egunetako jai honetan. Horrez gain, beste talde batzuen artean, udaletxeko Tolkeyén izeneko balet folklorikoak ere bere emanaldia eskainiko du agertoki nagusian. Hitzordua azaroaren lehenengo bi asteburuetan izango da, klub danimarkarreko instalazioetan.

Bariloche, Argentina. Europar-Argentinar Kolektibitateen jaialdiaren antolakuntzan murgilduta dabiltza Barilocheko euskaldunak. Izan ere, dantza ikuskizunarewkin batera Euskal Herriko janari eta edari tipikoak ere eskainiko dizkiote publikoari azaroaren lehenengo bi asteburuetan burutuko den festa honetan.

Dantzei dagokienez, bi taldetan igoko da Mendiko Dantzariak taldea tauletara: helduek, ‘Bok Espok’, ‘Arin Arin’ eta ‘Xiberotarra’ egingo dituzte; Txikiek, berriz, ‘Txinparta’. Bukatzeko, bi taldeetako kide guztiek, hogeita hiru dantzarik hain zuzen, ‘Ikurrin Dantza’ eta ‘Kalejira’ dantzatuko dituzte ikuskizunari amaiera emateko. Lau egunetan zehar, Mendiko Euzko Etxea-ko kideak euskal txokoaz ere arduratuko dira. Standean, eta bertan eta momentuan eginak, Euskal Herriko plater tipikoak prestatuko dituzte.

Aurtengo edizioari dagokionez, Barilocheko jaialdiaren data eta Euskal Aste Nazionalarena oso gertu geratu dira. Horregatik eta distantziek eta bi ekimenetan parte hartzeak ekarriko lituzkeen gastu handiengantik, aurten Mendiko Euzko Etxea-ko lagunek Rosarioko festan ez parte hartzea erabaki behar izan zuten. Hala ere, soilik Barilocheko ekimenean parte hartuta ere zeregin handia izango dute eta dudarik gabe, euskal kulturaren enbaxadore onenak izango dira Europar-Argentinar Kolektibitateen jaialdiaren 33. edizioan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia