Bariloche, Argentina. Urtero, oso zaila egiten zaie Patagoniako euskal etxeei Euskal Astera joan ahal izatea, batez ere bi arrazoiengatik: jai-lekura iristeko behar duten denboragatik –batzuetan 12 ordu baino gehiagoko bidaiak izaten dira–, eta, horri lotuta, bidaiaren kostuengatik. Dena den, hitzordu honetan parte hartzea beti da helburu eta elkarteek ahalegin handiak egiten dituzte. Barilocheko Eusko Etxeak, adibidez, saio polita egin zuen joan den asteburuan, ‘Pizza Party’ edo ‘Pizzeada’ bat, 270 pizza prestatuz dantzariek Etxeko emakumeek lagundurik. 40 bolondres lanean. Arrakastaz.
Euskal Etxeko gazteen erreferente den Federico Ezquerrak azaldu digunez, “Taldean lagun gehiago badaude ere, asmoa da gutxienez hogei joan ahal izatea Euskal Aste Nazionalera, Bahia Blancara. Horretarako beste ‘pizzeada’ bat egin beharko dugu oraindik, seguruenik urriaren hasieran”.
Beste alde batetik, eta urtebatzuetan bezala, Euskal Aste Nazionaleko asteburuan –aurten azaroaren 8an, 9an eta 10ean– Europar-Argentinar Gizataldeen Jaialdia egiten da Barilochen eta Mendiko Eusko Etxeak partaidetza handia du festan. Ezquerrak jakinarazi digu dantzari helduek ordezkatuko dutela Euskal Etxea Aste Nazionalean eta txiki eta ertainek gizataldeen hiriko jaialdian.