Bariloche, Argentina. Planetako bazter guztietara iritsi da COVID-19k sortutako pandemia; txoko politenak ez dira salbatu, ezta oso urrun daudenak ere. Hortaz, Andeen magalean kokatuta dagoen Bariloche hiria ere gogor ari da ziurtasun neurriak errespetatzen. Konfinamendu egoera tarteko Mendiko Eusko Etxeko lagunak ezin izan ziren bildu Elkartearen 39. urteurrena ospatzeko, afari eta dantzekin, urtero egiten duten bezala. Baina eguna oharkabean ez pasa ez zedin, bideo bat egin zuten.
Ekainaren 15ean bertan sareetan zabaldutako bideoan EEko lehendakaria den Stella Larraburu lau hamarkada hauetako ibilbidea laburbiltzen saiatzen da. Belaunaldiz belaunaldi euskal kulturaren transmisioan jardun izan den Euskal Etxearen lanaren garrantzia azpimarratzen du eta kopa altxatzera gonbidatu du 39 urte gehiagoren alde ez ezik, mila urteren alde topa egiteko. “Beti ere, lanean, bakean eta elkarrekin”, adierazi du lehendakariak Euskal Etxearen izenean.
[Mendiko Eusko Etxearen 39. urteurreneko bideoa]
Itxialdia noiz bukatuko zain dauden bitartean, Barilocheko euskal gizataldea beste erabaki baten zain dago: Europar-Argentinar Gizataldeen Jaialdia aurten egingo denentz. Gogora dezagun Patagoniako Kolektibitate festa handienetako bat dela, eta azaroan egitekoa duela bere 41. edizioa.