euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren asteburuan egingo da Barilochen bertako Gizataldeen Festa, herriko euskal komunitatea partaide

2009/06/29

'Mendiko Eusko Etxea'ko dantza taldea
'Mendiko Eusko Etxea'ko dantza taldea

PUBLIZITATEA

Urtero, Barilochen presentzia daukaten komunitate argentinar-europarrek 'Gizataldeen festa' antolatzen dute. 1978. urtetik aurrera gauzatzen den elkarretaratzea da honakoa, Patagoniako Andeen magalean dagoen turismo hiri honetako kultura eta jatorrien arteko ezagutza areagotzeko. Gaur egun hamaika komunitatek hartzen dute parte ospakizunean, tartean bertako 'Mendiko Euzko Etxea'k. Ostegunean hasi eta igande gauera arte luzatuko dira folklorea, musika, gastronomia eta kultura tradizionalak ardatz eratutako ekimen gero eta jendetsuago hau.

Buenos Aires, Argentina. Barilocheko Gizataldeen Festa ostiraletik aurrera hiru egunez, uztailaren 3, 4 eta 5ean egingo da Barilochen. Jaialdi hau 1978. urtean hasi zen Andeen magaleko turismo hiri eder honetan, orduan, alemaniarrak, espainiarrak, suitzarrak, italiarrak, daniarrak eta esloveniarrak --jatorri horretako bertako biztanleek alegia-- antolaturik. Helburua, norberaren kulturaren zati bat Barilocheko bizilagunei erakustea eta aldi berean hirian bizi diren gainerako jatorri eta gizataldeetako kideekin harremanak sustatu eta areagotzea.

Egun, hamaika talde edo kultura biltzen dira urtean behin egiten den Gizataldeen festan: Alemania, Austria, Kroazia, Danimarka, Eslovenia, Espainia, Hungaria, Italia, Errusia, Suitza eta Euskal Herria. Euskaldunen edo Euskal Herriaren ordezkaritza 'Mendiko Euzko Etxea'ko kideen eskutik dator. Stella Larraburu da euskal komunitatearen ordezkarietako bat gizataldeen festako antolakuntzan. Martxotik ari dira lanean festa antolatzen eta argi adierazi dio berak EuskalKultura.com-i, 'guztia prest dagoela festa abiatzeko'. Larrabururen esanetan aipatzekoa da Gizataldeen Festa inguru osoan egiten den gisa honetako jaialdi bakarra dela egun, 'beste batzuk egiten baitziren baina oztopoak zirela eta desagertzen joan dira'.

Festa arrakastatsua; euskal stand-a, baserri formaz

'Horregatik, ikusita 30 urteko lanak aurrera egiten duela, bereziki eskerrak eman behar dizkiegu festa antolatzen laguntzen diguten Barilocheko bizilagun guztiei', azaltzen du. Larraburuk argitzen duenez, orain dauden hamaika gizataldeen gain, beste hiru gehiagok nahi dute bertan parte hartu, hala nola portugaldarrek, ingelesek eta frantsesek. 'Ezin dute momentuz parte hartu aretoan lekurik ez dagoelako'. Aurten, berrikuntza bezala, portugaldarren bandera jaialdian izango da, eskaini duten laguntza eskertzeko moduan.

Kultura arteko topaketa honen helburua, 1978.ean hasitakoan ezarritako bera da oraindik ere: biztanleen artean bizirik gordetzen den kultura ugaritasuna erakustea eta jatorrien arteko harremanak eta trukea sustatzea. Horretarako, antolatzaileek Argentinako beste hiri batzuetako gizataldeetako dantza taldeak gonbidatzen dituzte; aurten, esaterako, ukrainar eta esloveniar taldeak izango ikus- eta entzungai. Jaialdiak ateak arratsaldeko zortzietan zabalduko ditu ostiralean. Euskal Etxearen stand-ak baserri itxura izango du eta mozkin eta produktu tipikoak eskainiko ditu. Horrekin batera, Euskal Etxeko dantza taldea 40 kiderekin taularatuko da aurten, Larraburuk gure buletin honi azaldu dionez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia