euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Barilocheko 2016ko Gizataldeen Festa: “Harro gaude Euskal Etxeko gazteen partaidetzaz, standean zein ikuskizunean”

2016/11/10

Mendiko Euzko Etxea Euskal Etxeko gazteak ondo pasatzen Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen Festan
Mendiko Euzko Etxea Euskal Etxeko gazteak ondo pasatzen Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen Festan

PUBLIZITATEA

Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen Festa joan den asteburuan hasi eta datorrenean bukatuko da, ohi bezala Dina Huapi Klub Danimarkarraren instalazioetan. Urtean zehar antolatzen diren gainerako hitzoduetan bezala, Mendiko Euzko Etxea ari da euskaldunen ordezkari. Euskal Etxetik gazteen jaiarekiko engaiamendua azpimarratu nahi izan digute, “lagungarri direlako oso, eta hori gaur egun harro sentitzeko modukoa delako”, azpimarratu dio EuskalKultura.com-i elkarteko lehendakari Hector Grañak.

Bariloche, Argentina. Proposamen artistiko eta gastronomikoak eskaintzen dituzte urtero Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeek euren gorazarre egiten den bi asteburuko jaialdian. 2016 honetan ospakizuna 37. ediziora iritsi da eta hamarretik gora kolektibitatek hartu zuten parte, tartean, espainiarrak, alemaniarrak, italiarrak, errusiarrak, suitzarrak, danimarkarrak, portugaldarrak, austriarrak, hungariarrak, esloveniarrak eta kroaziarrak, euskaldunez gain.

Ohiturari jarraituz, Mendiko Euzko Etxeak stand gastronomikoa eta dantza ikuskizuna aurkeztu zituen Jaialdiaren lehenengo bi egunetan. Sukaldaritzari dagokionez, famatu eta estimatuak dira Euskal Etxeko txibiak eta aurten ere eskaini dizkiote publikoari. Hala ere, "txorizoa sagardo erara", "haragi egosia" eta "barazkiak sagardo erara" ere prestatu zituzten euskal sukaldariek.

Oholtza gainean berrogei dantzarik osatutako talde bat aurkeztu zuen Euskal Etxeak. Edizio honek bereziki omendu nahi izan ditu emakumeak eta karia horretara dantzariek Etxeko lehendakari ohia den Stella Maris Larraburu gonbidatu zuten oholtzara igotzera. Txikiek Arin Arin taularatu zuten; Emakumeen taldeak Sorgin Dantza; eta helduek Sardos eta Uztai Dantza.  Bi asteburuetan, programa bera aurkeztuko dute taldeek.

Lehenengo asteburu arrakastatsua pasatuta, datorrenerako prestatzen ari dira Mendiko Euzko Etxea lagunak. Lasai daude, ordea, Etxeko arduradunak lantalde sendoa dutelako. Barilocheko euskal elkarteko lehendakariaren hitzetan, “oso ondo ibili gara joan den asteburuan eta gauza bera espero dugu larunbat eta igande honetarako. Horregatik, gure gazteen konpromisoa nabarmendu nahi dut, lan handia egiten ari direlako eta laguntza paregabea eskaintzen digutelako gauzak antolatzen. Harro gaude oso gure gazteekin!”, jakinarazi digu Grañak.

Barilocheko Europar-Argentinar Gizataldeen Festak azaroaren 12 eta 13an jarraituko du, eguerdiko 12etatik aurrera, Dina Huapi Klub Danimarkarraren instalazioetan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia