euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Barcina presidentea buru egingo dira gaurtik aurrera Rosarion bertako Nafar Etxearen Mendeurren saioak

2013/12/06

Rosarioko Nafarroako Etxearen kanpoko itxura, Mendeurreneko seinaleekin, Barcina presidente nafarrak gaur bertara hasiko duen bisitaren zain (argazkia EuskalKultura.com)
Rosarioko Nafarroako Etxearen kanpoko itxura, Mendeurreneko seinaleekin, Barcina presidente nafarrak gaur bertara hasiko duen bisitaren zain (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Nafarroako presidente Yolanda Barcina buru dela, gaur ostirala, abenduaren 6a, hasiko dira Argentinako Rosarion bertako Nafarroako Etxearen Mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiak gauzatzeko programa. Goizeko lehenengo orduan, hiriko alkate andere Monica Fein-ek 'Bisitari hautua' izendapena emanez errezibituko du Barcina, Argentinan dauden bost nafar etxeak ere lagun izango dituen ekitaldian. Asteburuan zehar presidentea nafar-argentinar etxeen federazioaren bilkurako partaide izango da, Buenos Aires, Mar del Plata, Mendoza, Bolivar eta Rosario bertako bost elkarteekin, eta baita egitarauko gailurra markatuko duen Mendeurreneko Oturuntzako buru ere, igandean Ezeiza aireporturaino iritsi eta itzulerari ekin aurretik.

Rosario, Argentina. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea atzo arratsaldez heldu zen Argentinara, presidente denetik herrialde honetara egiten ari den lehenengo bidaian. Rosarion, aurten ehun urte betetzen ari den bertako Nafarroako Etxearen ospakizun ekitaldietako buru izango da. Rosarioko Nafar Etxea --herrialdeko bigarren/hirugarren hiri garrantzitsuena da Rosario, Cordobarekin borrokan-- Argentinako bigarren nafar etxerik zaharrena da, zaharrena Buenos Aireskoa (1895) izanik, eta gazteena, Mar del Platakoa (2010ean birsortua).

Barcinaren egitarauak Rosarion Espacio Cultural Universitario (Unibertsitate Kultur Gunea) delakoari bisita ere biltzen du, bertan Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko arduradunek 'errekonozimendu akademiko' bat emango diotelarik presidenteari eta mendeurrena betetzen duen Rosarioko Nafar Etxeari, bere aldetik, bestelako errekonozimendu bat, "egin duen ibilbide luzeagatik, ekarria eginez Rosarioko Hiriari". Barcina presidentea Marsa Cero proiektuko hitzaldi batean ere izango da, esan nahi baita Nafarroako Gobernuak dirulaguntzen duen ospitale-infekzioak ikuskatu eta kontrolatzeko delako plan horri buruzko hitzaldi batean, ekimen horretako Santa Fe probintziako arduradun den Joaquin Bermejo hizlari, Parque de España delako Kultura Gunean.

Nafar etorkinak eta nafar etxea bera ohoratzea

[Marsa Cero proiektua 20008ko urrian abiarazi zen akordioa sinatu zelarik Santa Feko Gobernuaren, Nafarroako Gobernuaren, Rosarioko Udalaren eta beste elkarte batzuen artean, tartean Rosarioko Nafarroako Etxea. Lehenengo fase batean, Nafarroako Gobernuak bidea zabaldu zuen Rosarioko osasungintzako zenbait profesionalek Nafarroa bisita zezaten ospitale-infekzioak ekiditeko Osasunbideak hartzen diren neurriak bertatik ezagutzeko. Nafarroan ikasitako teknikak arrakasta handiz erabiltzen hasiak omen dira Santa Fe probintziako 11 ospitaletan, adierazi du Nafarroako Gobernuak ohar batean]

Nafar gobernuburuak Juan Grela pintiorearen erakusketa bat bisitatu eta Espainiako Parkea delakoko Asturiasko Printzea izeneko antzokian ekitaldi bateko buru arituko da, sariak emanez Rosarioko Nafarroako Etxeko zenbait kide nafarrei, gaur egun ia osorik nafarren seme-alaba, biloba edo ondoko belaunaldietakoak kide dituen elkarte honekin batera antolatutako ekitaldian. Ekitaldi berean, eta oroigarri gisa, 'Elizondoko Azoka' izeneko margoaren kopia bat emango dio opari Nafar Etxeari, Javier Cigak pintatutako koadro honen originala Iruñeko Udalean dagoela. Elkarretaratzeko edergarri dantzari arituko dira nafar etxe argentinarretako dantza taldeetako kideak.

Funes-ko kantxa eta astigunera bisita

Rosarioko Nafar Etxeak, hiritik hamabost bat kilometrora dagoen Funes herrian daukan eremuan --hemen predio esaten diote, kasu honetan tamaina polita duen berdegune zabal bat da, bungalow moduko etxeskez inguratua, urbanizatua eta etxe nafarreko kideek igandetan aire librean errekia egiten duten bitartean eguzkia hartu, igerlekuan, pilotan edo beste kirolen batean ibiltzeko klub bezala erabiltzen dutena--, izena, iturri diferenteen arabera '7 de julio' (uztailaren 7a) edo 'Aupa Navarra' (Aupa Nafarroa) hartzen duen jabego horretan abiatu ditu, ordea, mendeurreneko ekitaldiak. 

Esan dezagun, Nafar Etxeak 400 bat bazkide dituen elkarte moduan aurkezten duela bere burua, "horietarik erdia 25 urte baino gazteagao". Funesko saiora, informalagoa eta etxekoagoa, Barcina presidenteaz gain, Rosarioko eta Argentinako gainerako nafar etxeetako kide eta lagunak eta horietako dantza taldeetako kideak zeuden deituak. Leku honetan --2005ko azaroan, exekutibo nafarraren 180.000 euroko laguntzari esker eraikitako kantxa ederrean-- jokatu ziren 2008ko urrian, Munduko 22z azpiko pilota txapelketak. Rosarioko egoitzak zein kantxak berak jaso izan dituzte aurreko presidente Miguel Sanzen bisitak, baina hau da Barcinak bertara, eta Argentinara egiten duen lehenengo bisita.

Larunbatean, Parana ibaian untziz paseatuko dute gobernuburu nafarra eta ondoren, atzera Rosarioko Nafarroako Etxearen egoitzan, Argentinako nafar etxeak biltzen dituen federazioko buruzagiekin egingo du bilkura Yolanda Barcinak, Jose Luis Iturrat federazioburu. Helburua, etxe bakoitzeko egoera eta kezkak agertzea eta, Nafarroako Gobernuaren aldetik ere planak mahaigaineratzea, azken urteotan mozketa nabariak izan baitira nafar etxeekiko mugimenduetan, beste hainbat alorretan bezala gobernuan. Bazkaldu aurretik, elkarrizketa egingo dio Barcinari 'Horizonte español' irratsaiorako, Carmita Batlek, Rosarioko etorkin espainiarrekin eta modu berezian Nafar Etxearekin harreman estua duen nafarren alaba argentinar aktibo honek. Nafarroako Gobernuak Karlos III.a Noblearen Gurutzea eman zion 2004an aurretik zenbait dekorazio espainiar dituen Carmita Batle-ri.

Mendeurrenaren oturuntza

Arratsaldez, Barcina Maiatzaren 25eko Plazara joan eta kabalkada karrikaratuko diote, Nafar Etxeko erraldoiak, fanfarrea, buruhandiak, zaldikoak, dantzari eta txistulariak eta gainerako musikariak partaide, Rosarioko Nafar Etxekoak zein Argentinako gainerako lau zentro nafarretakoak. Plazan bertan dagoen Rosarioko Basilika Katedralean egingo da nafar etxe eta komunitateko hildako bazkideen aldeko elizkizuna.

Yolanda Barcinak 'Mendeurrenaren Oturuntza' bazkari eta ekitaldiko buru izanik amaituko du Rosarioko bere egitaraua, igandean atzerako bidaiari ekinez, astelehenean heltzeko Iruñera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia