euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baraderoko Aurrera Euskal Etxe argentinarrak San Inazio eta Independentziaren Bigarren Mendeurrena ospatu zituen

2016/09/01

Loiolako San Inazio eguneko ekitaldian, Independentzia Argentinarraren Bigarren Mendeurrena ere izan zuten gogoan Baraderoko Aurrera Euskal Etxeko lagunek
Loiolako San Inazio eguneko ekitaldian, Independentzia Argentinarraren Bigarren Mendeurrena ere izan zuten gogoan Baraderoko Aurrera Euskal Etxeko lagunek

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako Baraderoko euskal gizataldeak bi ospakizun batu zituen hiriko Udal Museo Historikoan egindako ekitaldi bakarrean. Loiolako Iñaki Deunaren egunean bertan, euskal santua omentzeaz gain, Argentinako Independentziaren Bigarren Mendeurrena dela eta plaka oroigarri bat ipini zuten Aurrerako kideek Museoaren atarian.

Baradero, Argentina. Urtean zehar aktibitate solte batzuk baino egiten ez baditu ere, San Inazio edo Iñaki Deunaren eguna beti ospatzen du Baraderoko Aurrera Euskal Etxeak. San Inazio ospatzeko, izan ere, hiriko beste hainbat kolektibitate –tartean, suitzarra, irlandarra, kroaziarra, frantziarra eta espainiarra–, eta udaleko agintariak bildu zituen ‘Alejandro Barbich’ Museo Historikoan uztailaren 31ean, santuaren omenezko zeremonian parte hartzeko.

Fernanda Antonijevic alkatea, Marcos Barlatay Kultura idazkaria eta Julio Avila Kultura zuzendaria lagun, keinu hizkuntzan interpretatutako Argentinako ereserkiarekin hasi zen zeremonia. Horren ostean, Aurreskua dantzatu zien euskal batzordekide eta dantzari den Jimena Angulok agintariei.

Ekitaldiaren baitan, eta uztailean zehar herrialde osoan egin ziren ospakizunekin bat egiteko Argentinako Independentziaren Bigarren Mendeurrenarekin bere atxikimendua adierazi zuen Aurrera Euskal Etxeak plaka oroigarri bat desestaliz. Behin ekintza bukatuta, euskal goxokiak eskaini zizkieten Euskal Etxeko kideek bildutakoei.

Etxeko idazkaria den Griselda Esconjaureguyk EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “oso zeremonia polita izan zen. Antonijevic alkateak bihotz-bihotzetiko hitzak esan zituen euskal jatorrizko etorkinei buruz eta hunkitu egin zen dantzariak Aurreskua dantzatu zuenean”.

Nuestros Aitonas II (Gure aitonak II)

Berri honekin batera, Griselda Esconjaureguyk EuskalKultura.com-i jakinarazi dio iaz aurkeztutako Nuestros Aitonas (Gure aitonak) liburuaren jarraipena egiten ari direla “Neska” Ines Longina de Elorduy erakundeko lehendakariarekin batera. Esconjaureguyk azaldu digunez, “Liburu berrian gure Euskal Etxearen historia eta aurreko liburuan sartu ez ziren Baraderoko familien pasadizo eta kontaketak izango dira gai nagusi”.

Liburua datu-bilketa prozesuan dago eta asmoa da datorren urtean argitaratzea.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia